Hika ikastaro berria egingo da Euskaltegian, martxoaren 3tik maiatzaren 12ra

Maiatzaren 15ean hasiko da Euskaraldia ariketa berria eta horren barruan Euskaraldia Hika egin ahal izango dugu oñatiarrok. Aurrez baina, prestaketa egiteko aukera ere izango dugu. Martxotik maiatzera egingo den ikastaroan parte hartzen duten herritarrek hitanoa ikasi eta praktikan jarriko dute, Euskaraldirako gertu egoteko.
Bilddur barik HIKAratu! lemapean aurkeztu den ikastaroa mistoa izango da, emakume zein gizonentzat, aurrez, eta Jabetze eskolaren baitan antolatu ziren lehenak emakumeentzat soilik izan baitziren. Aurrekoetan bezala Beatriz Irizar izango da irakaslea eta toka eta noka ikasteko aukera egongo da, jolasen bidez eta oso modu praktikoan.
Hika ikastaroa martxoaren 3tik maiatzaren 12ra izango da, 18 ordu guztira, eta astelehenero, 18:00etatik 20:00etara, Euskaltegian, Eltzia eraikinean. Izena emateko epea zabalik dago, otsailaren 28ra arte. Euskaltegian bertan eman daiteke izena edo udaleko web atarian zintzilikatu den formularioa beteta. Plazak mugatuak dira eta aguro ibiltzea gomendatzen da. Mutil zein neska, gazte zein heldu gonbidatzen dira hanka sartuz eta beldurrik gabe ikasteko aukera ederra delako. Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu du hika ikastaroa, Ingo Xonau! egitasmoko eta udal euskaltegiko kideekin elkarlanean.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!