Hezkuntza publikoan bigarren greba eguna dute gaur
ELAk, LABek eta Steilas sindikatuek hezkuntza sare publikoan deitutako bigarren greba egunak, babes zabala lortu du berriro Oñatiko ikastetxe publikotan. Urgain Errekalden, irakasleen % 97ak lan uztearen alde bozkatu du, azaroaren 30eko deialdian bezala, eta Oñati institutuan berriz, % 55ak. Aipagarria da ordea, aldea egon dela batxilergoko eta lanbide heziketako ikastetxeen artean, Zuazolan % 60ak eta Larrañan % 27ak egin dutelako grebaren alde. Guztietan agindutako gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira eta institutuaren kasuan, irakaslearen arabera, eskola batzuk ere ematen ari dira.
Azaroaren 30erako eta gaurko deitutako greba hauen bidez Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko desadostasuna agertu nahi dute ikastetxe publikoetako irakasleek. Hezkuntza publiko, propio eta euskalduna aldarrikatzen dute. Hezkuntza Legearen zirriborroak egungo hezkuntza eredua betikotu egiten duela diote eta etorkizuneko legearen ardatza eskola publikoa izatea, ikastetxeei kuotak kobratzea debekatzea, euskal curriculuma zehazteko eskumena Euskadirena dela bermatzea eta euskara erdigunean jartzea aldarrikatzen dute sindikatu deitzaileek. Halaber, legeak segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea eskatzen dute, horretarako neurri zehatzak ezarrita.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta manifestazioa egin dute 11:30etan Gasteizen eta arratsalderako, manifestazioak antolatu dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!