Herrixa kantuan balkoitik balkoira egingo da berriro larunbat eguerdian
Martxoan hasitako lankidetzari jarraipena emanez Herrixa kantuan ekimenari musika eta hitzezko euskarria eskainiko diote Oñati irratiak eta udaleko web atariak. Herrixa kantuan saioetan musikari talde bat aritzen da abeslariei kalerik kale laguntzen baina etxean gauden honetan, eta saioa balkoitik balkoira egin behar denean, musika oinarri hori falta da, kasu askotan. Horregatik, eta pasa den hilean egin bezala apirilean berriro ere, Oñati irratiak hautatutako kantuak hurrenkeran emango ditu larunbat eguerdian. Zuzeneko musikaririk inguruan ez duen herritar orok oinarri hori izango dute kantuan aritzeko. Hautatu diren 13 kantuen hitzak sare sozialen bidez zabaltzen ari dira antolatzaileak baina udaleko web atarian ere, agendaren atalean, ikusgai jarri dira.
Jose de Azpiazu musika eskolak Herrixa kantuan hileroko ekimenari eustea erabaki zuen martxoan eta balkoitik balkoira aritzeko lehen esperientzia arrakastatsuaren ondoren, errepikatzea erabaki du apirileko azken larunbatean, hilaren 25ean alegia.
Hamahiru abestiko zerrenda osatu dute antolatzaileek. Aberriaren mugak kantuak irekiko du saioa eta ondoren Aitormena, Ala kinkirin/erren dut, Baratze bat, Batasuna, Eki eder, Erribera, Euskal Herrian euskaraz, Lepoan hartu ta segi aurrera. Non geratzen den denbora, Oñatiko kale eta auzoak, Salamankara eta Topa dagigun kantatuko dira, hurrenez hurren. Kantu saioa larunbatean 12:30tan hasiko da eta herritarrak bakoitza bere balkoi edo leiho ondotik parte hartzera gonbidatzen dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!