Herritarrekin eskertuta, lau orduko lan-uzte aste berri bati ekin diote Natrako langileek
Manifestazio jendetsua egin zen larunbatean, Natrako langileek deituta; ia 30 eragile eta talderen atxikimendua eta ehunka herritarren babesa jaso zuten. Etenik dauden hitzarmen berrirako negoziazioak hasi daitezen, aldikako mobilizazioei ekin zieten urtarrilaren 30an, eta txanda bakoitzean lau orduko lan uzteak egiten ari dira pasa den astetik. Borroka horren aldeko oihuak entzun ziren larunbat eguerdiko manifestazioan.
Lan hitzarmen berria lortzeko negoziaketetan enpresak azaldutako jarrera salatu zen manifestazio amaieran. Urtean 350 egunetan lan egiteko malgutasun edo flexibilitatea onartzea jarri du oinarrizko baldintza moduan zuzendaritzak baina langileak ez daude hori onartzeko prest. Errelebo kontratua xantaia moduan erabiltzen ari direla salatu zuen Alaitz Etxaniz, LAB sindikatuko ordezkariak.
Orain arte lortutako eskubideetan atzera pausorik ez dutela onartuko esan zuten larunbatean eta herritarrengandik jaso duten babesa bereziki eskertu zuten manifestazio amaieran. 29 herri eragile eta taldek atxikimendua adierazi diete.
Lau orduko lan-uzteen dinamikari ekin diote berriro Natrako langileek, gaur. Hala egingo dute ostiralera arte eta negoziazioei berrekin ezean, egunero, datorren astelehenetik aurrera. Soldatak eta kategoriak eguneratzea, aldizkako kontratu finkoak mugatu eta egonkortzea eta 4. txandako baldintzak duintzea eskatzen dute Natrako langileek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!