Herritarrek energia-komunitate bat sortzeko prozesua erraztu eta bultzatuko du Udalak
Gaiaren inguruan hausnartzeko hainbat ekintza egin ziren maiatza eta ekainean, Energia zikloa aktibatu izenburupean. Orain, urrats berri bat emango du Udalak, herritarrek energia-komunitateak sor ditzaten aholkularitza eskainiz eta prozesua dinamizatuz. 2023-2024ko Partaidetzazko Aurrekontuetan 4. proposamen bozkatuena izan zen Udalak prozesua erraztearena. Horretarako 40.000 euro bideratzea erabaki zen eta AISE kooperatiba kontratatu da dinamizazio lanak egin ditzan, Goiener aholkularitza teknikoa eskaintzeko. Baina herritarren nahi eta asmoak ezagutu behar dira eta horretarako antolatu da energia komunitateak sortzen laguntzeko lehen saio irekia.
Irailaren 18an, asteazkenarekin egingo da saio ireki hori, 18:00etan, Eltzian; klima larrialdia eta energiaren gaiarekiko kezka edo jakin-mina duen edonori zuzenduta dago. Herritarrek energia-komunitate bat sortzeko prozesuan aukera guztiak zabalik daude; izan liteke batzen den taldeak energia–komunitatea eratzea edo halakorik ez egitea erabakitzea eta energiaren gaineko beste lanketa batzuk egiteko hautua egitea. Taldeak erabakiko du energia berriztagarrien sorkuntzara bideratutako proiektua martxan jarri, kontsumoan eragingo duten proiektuak bultzatu edo sentsibilizaziora bideratutakoak sustatuko dituen. Aukera guztiak mahai gainean direla abiatuko da prozesua, helburua bezain garrantzitsutzat jotzen baita bidea, beti ere, partaideei autonomia osoa emanda.
Euskal Herrian erabiltzen den energiaren % 85 inguru erregai fosiletatik dator oraindik. Trantsizio energetikoaren bidean, herritarren kontzientziak piztu eta jendartea sentsibilizatu eta aktibatzea ezinbestekotzat jotzen da. Planteamendu horrekin eta zenbait herritarren artean energia-komunitateak sortu edo, gutxienik, aukera horri buruz argibideak nahi dituztela jakinik antolatu da, datorren asteko saio irekia.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!