Oñatiko udala

Herriko pentsionisten asteleheneroko elkarretaratzeak eten dituzte, irailera arte

2024/06/18
Card image cap
Azken kontzentrazioa atzo egin zuten, festa giroan

  Urteroko etena egingo dute pentsionistek udan. Elkarretaratzeetara doazen askok biloben ardura hartzen dutela jakina da, eta eskola-oporrak iristerako, astelehenetako konpromisoa bertan behera uzten dute. Hala, ikasturteko azken elkarretaratzea atzo egin zuten, festa giroan.

  Pentsio duinak eskatzeko kontzentrazioa ohiko moduan egin zen, 12:00tan plazan, eta amaieran, tortilla eta txorizo pintxoak egon ziren partaideentzat. Aurrez, irailaren 2an elkarretaratzeekin berriro hasiko direla adostu zuten. Horrenbestez, herriko jubilatu eta pentsionistek amaiera eman diote ekintza eta aldarrikapenez gainezka izan duten 2023-2024 ikasturteari. Herrian astero elkarretaratzeak egiteaz gain, aldian-aldian Donostian edo Gasteizen egin diren manifestazioetara joan dira eta beste aldarrikapen ekintza batzuetan parte hartu dute.

  Asteroko elkarretaratze eta manifestazio eta ekintzetan pentsio duinak eskatu dituzte: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eta horiek aurten gauzatzeko ekarpen osagarria ordaintzen hastea Gasteiz eta Iruñeko gobernuei, euskal pentsio sistema publikoa eta osasun eta zaintza sistema publiko duina eskatzen dute, besteak beste. Udako etenaren ondoren, irailaren 2an itzuliko dira aldarrikapen horiek plazara, astelehenetako elkarretaratzeei berriro ekitean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!