Oñatiko udala

Herriko pentsionistek asteleheneroko elkarretaratzeak eten dituzte, urtarrilaren 13ra arte

2024/12/18
Card image cap
Pentsionisten elkarretaratzea, abenduaren 16an
Gasteizen tramitera onartu den Herri Ekimen Legegileari babesa emateko sinadurak biltzen hasiko dira urte berriarekin

  Urteroko etena egingo dute pentsionistek Gabonak tarteko. Familia eta lagunartean egoteko egun hauek probestuko dituzte indarrak hartu eta 2025ari gogotsu ekiteko. Ordurako erronka berria jarri baitu Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak, hau da, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta tramitera onartu den Herri Ekimen Legegileari ahalik eta babes handiena batzea, herririk herri sinadura bilketa eginez.

  Astelehenean, jai giroan amaitu zuten urtea herriko pentsionistek, plazan elkartuta. Ofizialki urtarrilean hasiko bada ere, Herri Ekimen Legegilearen aldeko lehen sinadurak jaso zituzten, ondorengo asteetan erabiliko duten pankarta berria bistaratzearekin batera. Amaieran, pentsionista lagun batek idatzitako bertsoak kantatu zituen.

  Orain, hiru asteko etentxoa egingo dute eta ez dira asteleheneroko elkarretaratzeetan bilduko baina plazara bueltatzeko eguna finkatu dute: urtarrilaren 13an. Orduan, 12:00etan elkartuko dira berriro, dinamikaren zortzigarren urteari ekiteko. Gogoratu, pentsionisten elkarretaratze hauek 2018ko urtarrilean hasi zirela, eta Covid-19ak eragindako etentxo baten ondoren berriro martxan jarri zirela. Hasiera hartako eskaera eta aldarrikapenek bere horretan jarraitzen dute: pentsio duinak eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa denentzat. Oinarrian hori da baita ere Legebiltzarrean tramitera onartu den Herri Ekimen Legegilearen eskaera, hau da, pentsioak, gutxienez, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea. Madrilgo gobernuak hartarako neurriak hartu eta indarrean jarri bitartean, pentsioak osatzeko poltsa sortu dezala eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari. Eskaera hori babesten duten herritarrek pentsionistek prestatu dituzten orrietan sinadura eman ahal izango dute, urtarrilaren 13tik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!