Herriko pentsionistak Gasteizen ostegunean egingo den manifestaziora gonbidatu dira
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailean aurkeztutako Herri Ekimen Legegile proposamena tramitera onartu du Eusko Legebiltzarraren Mahaiak; pentsioak, gutxienez, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzen da eta, hori gauzatzeko, Eusko Legebiltzarrak araudi propioa eztabaidatu eta onar dezala. Herri Ekimen Legegile horren aldeko manifestazioa egingo da Gasteizen, etzi, azaroaren 21ean, eta bertara joan-etorria egiteko doako autobusa antolatu dela jakinarazi zen plazan, atzo, asteleheneroko elkarretaratzean.
Autobusa Bergaratik etorriko da Elorregiko geltokira, eta oñatiarrek bertaraino joan beharko dute. Bide hori ere ahalik eta auto gutxien mugituz egin nahi da eta, horretarako, hitzordua egin da plazan, udaletxeko arkupetan, 9:30etan. Bertan elkartzen diren herritar guztiak, autoz eta elkarrekin joango dira San Prudentzioko geltokiraino. Manifestazioa, 11:00etan hasiko da Gasteizko Bilbao plazan.
Euskal Herriko pentsionistek urteak daramatzate 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen eta Madrilgo gobernuak hartarako neurriak hartu eta indarrean jarri bitartean, Nafarroako eta EAEko gobernuei pentsioak osatzeko poltsa sortu dezatela eskatzen ari dira. Nafarroan, estatu mailako igoera orokorraren gainetik, portzentaje batetan, pentsioak jasotzeko erabakia hartu da, 2025era begira, baina EAEn ez da halakorik erabaki, oraingoz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!