Oñatiko udala

Herriko ondarea babesteko, sentsibilizazio kanpaina egiteko mozioa atzera bota du udal gobernu taldeak

2024/03/08
Card image cap
Idatziaren formarekiko desadostasunak eragin du EH Bilduren kontrako botoa

  Otsaileko Osoko Bilkuran aurkeztu zuen EAJk, Oñatiko ondarea babesteko, sentsibilizazio-kanpaina behar da izeneko mozioa. Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak Oñati Herri Turistiko Onenen zerrendan sartu izana aipatzen da idatzian eta aitortu zaion kultura eta natura ondasunekiko errespetuaz galdetzen da, Oñatin halakorik ote dagoen, alegia. Horren harira, herrian dagoen pintaketa, kartel eta pankarta gehiegikeriari erreparatzea proposatzen du EAJk, eta kezka eta ezinegona azaltzeko herria desitxuratuko ez luketen beste baliabide egokiagoak badaudela dio. Sentsibilizazio kanpaina baten beharra dagoela dio EAJren mozioak.

  Garbitasuna adierazpen askatasunaren kontrako argumentu gisa lehenago ere erabili dela erantzun zuen alkateak eta Mozal legeak antzerako arrazoibideak ematen dituela esan zuen. Horrek, jeltzaleen haserrea eragin zuen, mozioa Mozal legearekin parekatzea barbaridade bat zela adierazi zuten Xabier Mugarza eta Amaia Erostarbe zinegotziek. Udalbatza osatzen duten bi taldeek gaiaz ikuspegi ezberdina dutela onartu zuen Mugarzak baina sentsibilizazio kanpaina egitea egokia litzatekeela errepikatu zuen.

  Proposamenaren egokitasunaren gainetik mozio-idatziaren forma kritikatu zuen Izaro Elorzak eta mozioa bere osotasunean onartu edo baztertu behar dela zehaztuta, ezezkoa emango zutela adierazi zuen. Ondorioz, EH Bilduren kontrako botoz atzera bota zen EAJren mozioa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!