Herriko ikastetxeetan ari dira jada Gabonetako apaingarri berriak prestatzen.
Zumitzezko izarrak, hariz egindako bolatxoak, plastikozko basoz osatutako esferak edo CD-ezko izarrak dira azken asteotan herriko ikastetxeetan prestatzen ari direnak. Material berria, iaz egin zenari batuko zaiona. Hala, elementu berriak sortuta, herriko txoko gehiago apaintzeko aukera izango da.
Zumitzez egindako izarrak esaterako, iaz, Kale Barrian eta Kale Zaharrean jarri ziren. Aurten, horietan ez ezik, San Juan kalean eta Atzekokaleko oinezkoen zatian jarri asmo dira. Plazako magnolioak argiztatu egingo dira eta horretarako, argi sareez estaliko dira. Datorren astean bertan hasiko dira sareak jartzen. Baina Foruen enparantzako bestaldean, kiosko aldeko arbolak ere apainduko dira hariz egindako bolatxoak erabiliz. Asmoa, herriko beste hainbat txokotan dauden beste arbola batzuk ere apaintzea da: Bidaurretako monastegi inguruan, Santa Anako lorategian edota Arantzazuko ama kalean dauden arbola handiak, besteak beste. Kultur Etxean eta udaletxean ere elementu apaingarriak jarriko dira.
Herriko ikasleak hasi dira esan bezala horiek egiten. Abenduaren lehen astebururako edo amaitzea erabaki da, jartze lanak apurka egiteko. Lehenak, plazako magnolioetan argi sareak jartzea izango da eta okerrik ezean, datorren astean bertan egingo da hori. Baina herriko kale eta eraikinak abenduko hirugarren astebururako apainduko dira, argiak, Santomas egunez pizteko asmoa baitago.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!