Herriko ikastetxeak, ikasturte berrirako matrikula epeari aurre hartuz antolatu dituzte ate ireki jardunak.
Txantxiku ikastola izango da guztietan lehena. Hilaren 7an hasi zituen Txikitxoen jardunaldien baitan antolatu ditu ate ireki jardunak. Ikastolan, ostiralean irekiko dira interesa duten herritar guztientzat 0 eta 6 urte arteko ikasleen gelak. Gainera, POTXIN ETA PATXIN pailazoen emanaldia ere antolatu da. Pailazoak, arratsaldeko 5etan iritsiko dira Txantxiku ikastolara eta ordu horretan irekiko dira baita ere, Haur hezkuntzako gelak. Instalazioak ikusi eta lagun berriak egiteko aukera, 7ak arte luzatuko da. Aurretik, asteazkenean, Txantxiku ikastolaren hezkuntza eta instalazio eskaintza ezagutzera emateko hitzaldia egingo da.
Urgain-Errekalde eta Elkar Hezin berriz, astebururako utzi dituzte ikastetxeetako instalazioak ikusi eta irakasle eta arduradunekin berba egiteko zitak.
Urgain-Errekalden zapatuan egingo dute ate irekien saioa, arratsaldeko 5etatik 7 eta erdietara gutxi gora behera. Hemen ere, instalazioak ikusi eta bertako arduradunekin hezkuntza proiektuaz berba egiteko aukeraz gain, haurrei zuzenduta hainbat tailer egingo dira. Amaierarako txokolatada antolatu da.
Elkar Hezin, ikastetxeko ateak azkenik, domeka goizean irekiko dituzte. Eskola bisitatzeko bi txanda izango dira, 11etan eta 12etan. Baina goizeko 1etatik aurrera hainbat tailer praktiko eta ekintza dibertigarri egiteko aukera ere izango da: sukaldaritza tailerra, “do it yourself” saioa eta erronka eta jolas kooperatiboak antolatu baitituzte.
Zuazola institutuan ere ate ireki jarduna eta informazio bilera antolatu dute otsailaren 5erako. Kasu honetan ez gurasoei zuzenduta soilik baizik eta lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara salto egiteko puntuan dauden ikasleei zuzenduta ere bai. Hau da, 6. mailan dauden neska mutikoentzat. Herriko ikastetxeetan antolatu ohi diren ate ireki jardun hauek bi helburu nagusi dituzte. Gurasoek zentro bakoitzaren instalazioak, zerbitzu eta baliabideak bertatik bertara ikusi eta bakoitzak duen hezkuntza proiektua ezagutzea. Eta bide batez, haurrei, ikaskide izan ditzaketen horiek ezagutzeko aukera ematea, nahiz eta bi urterekin asko ez diren horretaz ohartzen.
Otsailaren 2an hasiko da ofizialki, derrigorrezko hezkuntza mailetan matrikula betetzeko epea. Baina herri mailan, ikastetxeak hasi dira jada hori prestatzen.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!