Herriko armarri eta bandera berriak igandean estreinatuko dira
2020an Foru Aldunditik jasotako eskaerak abiarazitako prozesua osatu eta amaitu da. Gipuzkoako Toki Erakundeen Erregistrotik herriko armarria eta bandera eskatu ziren eta orduan ohartu ziren, Oñatik banderarik ez baizik eta estandartea zuela, eta honen irudia eta armarria ez ziruditela heraldika arauetara egokitzen zirenik. Eusko Ikaskuntzara jo zuen Udalak laguntza eske eta Rosa Ayerbe Iribar historialari eta heraldikan adituak txostena egin zuen.
Arrazoi historikoak, heraldikoak eta bexilologikoak argudiatuz hainbat aldaketa egitea proposatu zuen Ayerbe Iribarrek: armarriari koroa kentzea eta behealdetik borobiltzea eta estandarteak zuen San Andresen gurutzea kendu eta fondo zuriaren gainean herriko armarri berria txertatuz estandartea bandera horizontal bihurtzea. Era berean, estandartean agertzen diren elementuen koloreak ere finkatu ziren adituaren txostenean. Hala onartu zen iazko uztaileko Osoko Bilkuran, EAJ aurka azaldu zen arren, eta hala onartu berri du Foru Aldundiak, pasa den ostiralean argitaratu zenez.
Oñatiko armarri eta bandera berriak igandean estreinatuko dira. Udaletxeko mastan behin behineko bandera bat jarriko da, ikurriñaren ondoan. Armarria brodatuta duen bandera egin dadin agindua eman da, baina Korpus ospakizunetarako ez da prest egongo.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!