Oñatiko udala

Herriko 9 odol-emailek elkartearen esker ona jasoko dute bihar

2024/01/18
Card image cap
(Arg: LUSA)
Lau egunetarako stock-a dagoela eta, odola emateko deia zabaldu da

  Odola hainbat aldiz eman dutenei eskainitako eskertze eta aitortza ekitaldia egingo da bihar Enpresagintza Fakultatean, urtarrileko odol-ateraldietarako hitzordua probestuz. Oñatiko 9 laguni, 7 emakume eta 2 gizonezkoei, eskerrak emango zaizkie.

  Odola zenbat aldiz eman denaren arabera, zilar, urre eta Emaile Nagusien agiriak banatuko dira. Oñatin, guztira, 9 odol-emaile omenduko dira, odola 25 aldiz, 40, 50, 60 edo 80 aldiz eman dutelako. Aipagarria da, aitortza jasoko duten 9 herritaretatik 7 emakumeak direla; bere egunerokoan odol galera handiagoa izanik ez da erraza 60 edo 80 odol-emanalditara iristea. Fideltasun eta eskuzabaltasunari esker ona adieraziko zaie bihar, 18:30etan, Enpresagintza fakultatean.

  Odola aldian behin ematen jarraitzea garrantzitsua da, beharra, egunero dagoelako. Euskadiko odol emaileen elkartetik oharra zabaldu da lau egunetarako stock-a bakarrik dagoela jakinaraziz. Abendua-urtarrila garai zaila izaten da urtero, katarro eta gripeak tarteko, gaixotu diren emaileak baja izan eta odol erreserbak gutxiagotzen direlako. Egunean 400nen bat emate behar dira odol erreserbak maila egokian mantentzeko. Odol emaileen taldea berritzea, gaztetzea ere komeni da.

  Oñatin, 325 odol emaile aktibo daude, elkartearen arabera, eta hauen bataz besteko adina 40-45 urte da. Iaz, Oñatin izan ziren 12 ateralditara 554 emaile hurbildu ziren, odola 513k eman ahal izan zuten eta aipagarria da 30 emaile berri egin zirela. Baina gehiago behar dira. Gogoratu, odol emaile 18 urtetik gorako edonor izan daitekeela. Interesa duen edonork bihar arratsalderako hitzordua eskatu besterik ez du egin behar, 943 007 884 telefono zenbakira deituta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!