Herribusa normaltasunez dabil, gidariek gaurko greba bertan behera utzita
![Card image cap](https://www.xn--oati-gqa.eus/eu/berbia/albisteak/herribusak-gutxieneko-zerbitzuak-beteko-ditu-bihar/@@images/9fca5eda-e013-4a98-9771-75366ddbfeac.jpeg)
Autobus gidariak mobilizazio ezberdinak betetzen ari dira azken asteotan; batzuk, CCOO sindikatuak deituta, erretiro adina aurreratzea aldarrikatzen dute nagusiki, besteak, etenik dagoen lan hitzarmenaren negoziazioa berriro abiatu dadin. Oñatin, batak zein besteak eragina dute. Herribus zerbitzua eskaintzen duen Leintz Garraioak enpresako langileek ez dute jarraitu gaurko deituta zegoen gidarien greba eta Herribusa normaltasunez dabil. Dena den, greba deialdi berria dago astelehenerako, abenduaren 9rako, eta hori bere horretan mantentzen da egun. Ondorioz, autobus gidariek grebarekin aurrera egitea erabakitzen badute, gutxieneko zerbitzuak beteko dira eta Herribusak 8 bidaia beteko ditu: goizeko lehen orduko zerbitzuak, 7:30etatik 8:30etara, eguerdian beste bi, 13:30etan eta 14:00etan, eta ilunkaran azken hirurak, 19:30etatik 20:30etarako tartean. Horiek astelehenerako aurreikusten diren gutxieneko zerbitzuak dira, baldin eta greba deialdiak aurrera egiten badu. Gerta liteke, lan egitea erabakitzea eta greba bertan behera uztea, gaur bezala.
Avanza autobus zerbitzuko gidariek bestalde, bost greba egun deitu dituzte abendurako, etenik dagoen lan hitzarmenaren negoziazioa berriro abiatu dadin. 35 orduko lan astea, KPIra egokitutako soldata igoera, errelebo kontratua eta aldikako langileentzat lan poltsa osatzea eskatzen dute, besteak beste. Gaur lehen greba eguna betetzen ari dira eta Debagoiena barruko eta eskualdea hiriburuekin lotzen dituen zerbitzuetan eragiten ari da. Eusko Jaurlaritzak agindutako % 30eko gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira. Abendurako iragarri diren hurrengo greba egunak, 9, 20, 21 eta 22a dira.
Iturria: Oñati Irratia
![](/++theme++oinati-theme/img/i_harpidetu.png)
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!