Herribusa doan da, Mugikortasun Astearen baitan
Irailaren 16tik 22ra da Mugikortasunaren Europako Astea. Herribusa doan izango da astean zehar eta Bagabiltz egitasmoaren baitan, herriko bi ikastetxeren inguruko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko esperientziak frogatzen ari dira eta mugikortasun segururako sentsibilizazio bideo berria zabalduko da.
Zuazola eta Larraña institutuen inguruetan bereziki antzematen ari dira Mugikortasun Astean gaudela. Aita Madina kaleko hainbat aparkaleku libre utzi dira, Zuazola institutukoen beharretarako; atseden orduan errepidea itxi egiten da, espazioa jolasetarako erabili dezaten. Aita Madina kalea La Caixaren bulego paretik Emakumeen etxea eraikitzeko dagoen garabiaren pareraino ixten da goizero, 10:45etatik 11:15etara. Institutu aldameneko aparkalekuak berriz, 8:00etatik 15:00etara hutsik utzi behar dira. Larraña institutu parean berriz, eraikin sarrerara jaisteko eskaileren ondoko aparkalekua libratu da, ikuspena eta irisgarritasuna hobetzeko. Neurri hau behin behinekoa da, baina eraginkorra dela ikusiz gero, luzatu daiteke.
Ikasleen autonomia eta mugikortasun segurua sustatzeko egitasmoa da Bagabiltz. Horren baitan, bide hezkuntza ikastaroak egiten ditu udaltzaingoak urtero adin ezberdineko ikasleei zuzenduta, beste hainbat sentsibilizazio ekimenekin batera. Ildo horretan sakontzeko asmoz, mugikortasun segurua lantzen duen bideo berri bat osatu du Udalak eta hori ere, Mugikortasun Aste honetan zabalduko da. Ikus-entzunezkoa asteazkenean zabalduko da sare sozialen bidez eta udal web atarian ere zintzilikatuko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!