Oñatiko udala

Herri indigenen eskubideak eta beraiei buruzko datuen subirotasuna aztergai da Lege Soziologia Institutuan

2019/07/11
Card image cap
17 aditu batu dira unibertsitate zaharrean

  Nazioarteko zuzenbidea, herri indigenen eskubideen inguruko Nazio Batuen adierazpena eta herri indigenen datuen gaineko subiranotasuna da gaur hasi den mintegiaren izenburua. Gutxiengo indigenak dituzten hainbat herrialdetako adituak elkartu dira gaiaz eztabaidatzeko: Australia, Zelanda Berria, AEB, Malta, Mexiko eta Suediako unibertsitatetako 17 aditu batzartu dira, tartean, Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari batzuk ere bai.

  Mintegiaren koordinatzaileetako bat Australiako Tasmaniako Unibertsitateko irakasle da, Maggie Walter. Australian hain zuzen ere, hiru urteko epean, erreferenduma egin asmo dute Konstituzioan herri indigenen aitortza jaso dadin. XVIII. mende akaberan hasi zen britainiarren kolonizazioa Australian baina aurretik, bertan mendeetan bizi ziren indigenen aitortza eta ondorioz, eskubideen aipamenik ez da egiten Australiako gaur egungo Konstituzioan.

  Australian bezala mundu osoan herri indigenek beraien, euren lurren eta kulturen gaineko datuen bilketa, erabilera edota aplikaziotik kanpo jarraitzen dute, neurri handi batean. Beraiei dagozkien gaien gaineko boterea aldarrikatzeko gobernu-mekanismoak garatu behar dituztela diote unibertsitate zaharrean gaur hasi den mintegiaren koordinatzaileek.

  Mintegian, Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek parte hartuko dute eta tartean, Joxerramon Bengoetxeak berba egingo du. Lege soziologia institutuko zuzendari zientifiko izan zenak indigenen datu eta indarkeriaren memoria, euskal kasua izeneko hitzaldia emango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!