Oñatiko udala

Herri gisa ditugun gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko sortu da Arantzazulab

2021/03/26
Card image cap
Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren aurkezpen ekitaldia egin zen atzo Gandiaga Topagunean

  Arantzazu Gaur Fundazioak sustatuta sortu da laborategia, eta eraldaketa sozialera bideraturiko ikerketa, esperimentazioa eta sozializazioa egiten ditu lau eremu nagusi hauetan: trantsizio ekologikoa, lana, elkarbizitza eta ongizatea. Agenda publikoaren eta etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko eta esperimentatzeko gunea izan nahi du Arantzazulab-ek, Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendariak azaldu zuenez.

  Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko, Arantzazu erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea du helburu proiektuak, printzipio eta balio jakin batzuetan oinarrituta, hala nola, herrigintza, garapen komunitarioa, lankidetzazko gobernantza. Izaera komunitario hori bereziki azpimarratu zuen Markel Olano Ahaldun Nagusiak atzoko aurkezpenean.

  Arantzazuk betidanik izan duen erreferentzialtasuna aipatu zuten hizlariek eta aurrerantzean ere hala jarraitu dezan egin dela Gizarte Berrikuntza Laborategia sortzearen aldeko apustua. Etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko sinergiak batzearen ondorio da Arantzazulab Izaro Elorza alkatearen hitzetan, eta orain, gizarteari, balio erantsi moduan itzuliko zaiola gaineratu zuen.

  Arantzazulab-ek eragile askoren lankidetzarako prestutasuna eta elkarlana ditu oinarri. Erronka konplexuek erantzun konplexuak eskatzen dituztenez etengabeko ikasketa aktiboa sustatuko du eta nazioarteko sareak sortuko ditu. Hain zuzen ere, laborategiak lau ardatz estrategiko dituela aurreratu zen atzoko aurkezpenean: garapen komunitarioa; saretzea eta elkarlana; ikerketa, formakuntza eta sozializazioa; eta irekiera eta nazioartekotzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!