Oñatiko udala

Herri Eguneko ganadu erakusketa eta lehiaketan parte hartzeko izen-ematea ireki du Nekazarien elkarteak

2024/07/17
Card image cap
Epea irailaren 8an amaituko dela jakinaraziz gutunak bidaltzen hasi dira

  Nekazarien elkartea arduratzen da Herri Eguneko goizean izaten diren ganadu eta produktuen erakusketa nahiz lehiaketez. Konplexuena, herriko behi, behor, zaldi eta asto erakusketak eta ardi, ahari eta bildots lehiaketak antolatzea da, animalien garraioa eta erakusketaren aniztasuna bereziki zaindu eta planifikatu behar direlako. Horregatik, parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali dira jada, interesa dutenei, izena emateko azken eguna irailaren 8a dela jakinaraziz. Izena emateko orria ere bidali da eta eskatzen diren datu guztiak beteta, Nekazarien elkarteko postontzian utzi behar da. Jasotako datu guztiak eskutan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskaera tramitazioa bateko dute elkarteko arduradunek. Horregatik, irailaren 8ko data zaintzea eskatzen dute, ondoren ez delako ez aldaketarik ez izen-emate berririk onartuko.

  Apuntatzen diren abere kopuruaren arabera, baliteke mota batzuetako abereen kopurua mugatu behar izatea, erakusketaren aniztasuna bermatze aldera. Animaliak erakusketa gunera eramateko kamioiak zein ordutan izango diren ere, gerora jakinaraziko zaie jabeei. Gainontzeko abere eta produktuak urriaren 5ean goizeko 9:000ak aldera aurkeztu beharko dira betiko tokian.

  Izan ere, ganaduaz gain, herri mailako fruitu eta barazki lehiaketa, gazta lehiaketa eta lore eta landare erakusketa ere izaten dira Herri Egunean. Horiek egunean aurkeztearekin nahikoa izango dute, ez dute aurrez izenik eman behar, baldin eta, egunean bertan Nekazarien elkartean egingo den bazkarira joateko asmorik ez badute. Herri Egunean parte hartzen dutenentzako bazkaria antolatu ohi da Nekazarien elkartean, esan bezala, eta joateko interesa dutenek irailaren 20a baino lehen eman behar dute izena elkartean propio jarriko den orrian.

  Nekazarien elkartean, hasi dira jada Herri Eguneko goizeko erakusketa eta lehiaketa ezberdinak prestatzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!