Oñatiko udala

Herri Eguneko artisau azokan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago

2023/07/05
Card image cap
30 artisaurentzat tokia izango da eta 20 herriko artisauen artean banatzea da asmoa

  Irailaren 30ean, San Migel Bixamon egunean ospatuko da aurten Herri Eguna. Unibertsitateko klaustroan egin ohi den artisau azoka osatzeko izen-ematea irekita dago. 30 artisaurentzat lekua egingo da eta horietatik 20 herritarrak izatea nahi da. Baina herritarrek beraientzat gordetako postu guztiak beteko ez balituzkete, kanpoko artisauei eskainiko zaizkie. Oñatiko nahiz kanpoko artisauei zuzenduta, irekita dago parte hartzeko izen-emate epea, uztailaren 16ra arte. Interesatuek, udalaren web gunean eskuragarri dagoen eskaera-formularioa bete behar dute.

  Eskaerak baloratzeko hainbat irizpide finkatu dira, azokari aniztasuna emateko; lan eta produktu ezberdinak eta originalak lantzen direla begiratuko da, egindako lanaren kalitatearekin batera, noski. Azokan bertan norbere lanaren erakustaldia egitea, hau da, lanaren burutze-prozesua bertatik bertara ikusi ahal izatea baloratuko da eta baita artisau ziurtagiria izatea ere. Aurreko urteetan parte hartu ez dutenei gainera, lehentasuna emango zaie. Baina aldi berean, artisautza lanbide dutenen alde jokatuko da eta artisau ziurtagiria aurkeztea baloratuko da. Horregatik, izena ematerakoan aurkeztu behar den oinarrizko dokumentazioan, artisau ziurtagiri edo zergen ziurtagiria presentatzea eskatzen da. Nortasun agiriaren fotokopia eta egiten den lanari buruzko azalpen txosten laburra ere aurkeztu behar da.

  Geroz eta gehiago dira artisau lanak egiten dituztenak. Herri egunean unibertsitateko klaustroan jartzen den azoka erakusleiho ona izan ohi da eta, zenbait kasutan, halako lanetan dihardutela azaltzeko lehen agerraldia ere bada, bereziki oñatiarrentzat. Artisau berri horiei lehentasuna emango zaie, herrikoak izan ala ez. Baina urteetan aritu direnak ere ez dira baztertu nahi.

  Uztailaren 16ra arteko epea dago eskaera betetzeko. Erantzuna, uztailaren 26tik aurrera jakinaraziko da.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!