Oñatiko udala

Herri barruko bideetako zirkulazioari eta erabilerei buruzko udal ordenantza behin betikoz onartu da

2024/06/18
Card image cap
Uztailaren 9an sartuko da indarrean

  Udalerriko bideen zirkulazio eta erabilera jasotzen duen ordenantza egokitu eta indarrean dauden lege eta arauetara eguneratu da. Azken urte hauetan aldaketa nabariak izan dira herri barruko zirkulazioan, aparkalekuetan eta motordun ibilgailuetan. Erabilpen berri horietarako eguneratu da zirkulazio ordenantza. Otsaileko Osoko Bilkuran behin behinekoz onartu zen eta alegazioetarako epean halakorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onartu da, automatikoki. Horren berri ematen duen iragarkia eta ordenantza testu osoa gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. 15 egun balioduneko epea beteta, zirkulazio ordenantza berria indarrean sartuko da, uztailaren 9an.

  TAO aparkatze sistema, hainbat kale oinezkoentzako gorde eta arratsaldez trafikorako ixtea, oztopo fisikorik gabe baina baimendutako ibilgailuentzat soilik diren kaleren trafiko-ordenazioa, oinezkoen lehentasuna markatu eta segurtasuna bermatuz bizikleta eta patineteen erabilera edo azkenaldian ugaritzen ari diren patinete elektrikoen erabilera dira, besteak beste, zirkulazio ordenantzan jaso diren berrikuntzetako batzuk. Ordenantza non eta nola aplikatuko den, arau-hausteak nola zigortuko diren eta horretarako eskumena duten organoak ere zehazten dira ordenantza berrian.

  Azken urte hauetan asko ugaldu dira patinete elektrikoak edo ordenantzan jasotako hitzak erabiliz, mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak. Gurpil bat edo gehiago dituen ibilgailua, plaza bakarra eta motor elektrikoz propultsatu eta 6 eta 25 Km/h arteko gehienezko abiadura eman diezaiokeen ibilgailu moduan deskribatzen da. Galtzadatik ibili behar direla eta bizikletentzat gordetako erreiak daudenean, horietan zirkulatu ahal izango dutela, seinaleztapena eta pasatzeko lehentasun arauak errespetatuz, eta espaloietan, parkeetan eta hiri barruan dauden tuneletan ibiltzea debekatuta dutela aipatzen du ordenantza berriak. Gidariek babes kaskoa eraman behar dutela eta plaza bakarreko ibilgailuak direnez, pertsona bat baino gehiago joatea debekatuta dagoela zehazten da. Gauez, edo ikuspena murriztua denean, argiztapen sistema martxan eraman behar dutela eta gidariak gutxienez jantzi islatzaile bat behar duela ere aipatzen da.

  Baina mugikortasun pertsonalerako ibilgailuen inguruan osatutako atala ez ezik, dokumentua, osorik, udal web atarian ikusgai dago ordenantza atalean. Gogoan izan, herri barruko bideetako zirkulazioari eta erabilerei buruzko udal ordenantza berria uztailaren 9an sartuko dela indarrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!