Oñatiko udala

HAZILAN+ proiektuan parte hartzeko izen-ematea ireki du Mankomunitateak

2024/06/10
Card image cap
Hazilaneko saio bat (Arg: Mankomunitatea)
Formazio egitasmoa erdi mailako zikloetara zabaldu da eta adin muga kendu da

  Horiek dira Debagoieneko Mankomunitateak antolatzen duen Hazilan+ proiektuak dakartzan berritasunak. Aurreko urteetako esperientzia egungo beharretara egokitu da eta partaideen adin muga ezabatuz eta eskatutako formazioa erdi mailako zikloetara zabalduz osatuko da irailean hasiko den prestakuntza talde berria. Helburua, aurreko edizioetan bezala, kualifikatutako langabeen laneratzea erraztea da.

  HAZILAN+ unibertsitate titulazioa edota erdi edo goi mailako lanbide heziketa zikloren bat duten, baina ikasitako esparruan lan esperientzia txikia edo batere ez duten, debagoiendarrei zuzenduta dago. Langabe egon edo, gehienez, jardunaldiaren heren bat betetzea ere baldintza da programan parte hartzeko. Programak bi fase ditu: zeharkako konpetentzietan eta laneratzeko tresnak lantzeko prestakuntza-tailerra eta praktikaldia, eskualdeko enpresetan. Partaideen gaitasunak identifikatu eta indartzen laguntzeko tailer teoriko-praktikoak 80 orduko iraupena du eta ondoren, lan esperientzia hartu eta enplegurako sarbidea errazteko, 200 orduko praktikak edo 2-9 hilabete bitarteko praktika ordainduak egingo dira.

  HAZILAN+ proiektu berria irailaren 16an jarri asmo da martxan eta horretarako izen-emate epea ireki du jada Mankomunitateak, uztailaren 2ra arte. Ekainaren 18an gainera, egitasmoaren aurkezpen saioa egingo da Arrasaten, Mankomunitatearen egoitzan, 10:00etan hasita. Aurkezpen ekitaldira joateko izena eman behar da, 943 793 090 Mankomunitateko telefono zenbakira deituta. Hazilan+ programan parte hartzeko izen-ematea ere Debagoienako Mankomunitateko web atariaren bidez egin behar da, eskaera orria deskargatu eta dagokion dokumentazioarekin Arrasateko egoitzan aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztuta.

  Hazilan egitasmoa urtean birritan gauzatzen du Debagoieneko Mankomunitateak, Garapen ekonomikorako agentziak koordinatuta eta Europako Gizarte Funtsaren dirulaguntzaz. 2016tik 2022ra arte, Hazilan proiektuaren 13 edizio egin ziren, 187 pertsonek parte hartu zutelarik. % 70etik gorako laneratze-indizea izan du egitasmoak eta laneratzea egonkorra izan dela adierazten du sei hilabetera egiten den jarraipenak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!