Oñatiko udala

HAZILAN+ proiektuan parte hartzeko izen-ematea irailaren 10era arte luzatu du Mankomunitateak

2024/09/04
Card image cap
Lekua badago oraindik eskualdeko langabe kualifikatuentzako laneratze programan parte hartzeko

  Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak irailaren 16an jarriko du martxan jarriko du HAZILAN + proiektu berria. HAZILAN+ unibertsitate titulazioa edota erdi edo goi mailako lanbide heziketa zikloren bat duten, baina ikasitako esparruan lan esperientzia txikia edo batere ez duten, debagoiendarrei zuzenduta dago. Langabe egon edo, gehienez, jardunaldiaren heren bat betetzea ere baldintza da programan parte hartzeko. Programak bi fase ditu: zeharkako konpetentzietan eta laneratzeko tresnak lantzeko prestakuntza-tailerra eta praktikaldia, eskualdeko enpresetan. Partaideen gaitasunak identifikatu eta indartzen laguntzeko tailer teoriko-praktikoak 80 orduko iraupena du eta ondoren, lan esperientzia hartu eta enplegurako sarbidea errazteko, 200 orduko praktikak edo 2-9 hilabete bitarteko praktika ordainduak egingo dira.

  HAZILAN+ proiektu berria irailaren 16an jarriko da martxan baina plaza batzuk libre daudenez, izen-ematea hilaren 10era arte luzatu da. Bi bide daude eskaera orria eta dagokion dokumentazioa aurkezteko: Erregistro elektronikoarren bidez edo aurrez aurre, Debagoieneko Mankomunitatean Arrasateko egoitzara hurbilduta. Informazio gehiago Mankomunitateko web atarian topatuko duzue.

  Hazilan egitasmoa urtean birritan gauzatzen du Debagoieneko Mankomunitateak, Garapen ekonomikorako agentziak koordinatuta eta Europako Gizarte Funtsaren dirulaguntzaz. 2016tik 2022ra arte, Hazilan proiektuaren 13 edizio egin ziren, 187 pertsonek parte hartu zutelarik. % 70etik gorako laneratze-indizea izan du egitasmoak eta laneratzea egonkorra izan dela adierazten du sei hilabetera egiten den jarraipenak.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!