HAZILAN+ proiektuan parte hartzeko izen-ematea berriro luzatu du Mankomunitateak, irailaren 23ra arte
HAZILAN+ unibertsitate titulazioa edota erdi edo goi mailako lanbide heziketa zikloren bat duten, baina ikasitako esparruan lan esperientzia txikia edo batere ez duten, debagoiendarrei zuzenduta dago. Lan gabe egon edo, gehienez, jardunaldiaren heren bat betetzea ere baldintza da programan parte hartzeko. Programak bi fase ditu: zeharkako konpetentzietan eta laneratzeko tresnak lantzeko prestakuntza-tailerra eta praktikaldia, eskualdeko enpresetan. Partaideen gaitasunak identifikatu eta indartzen laguntzeko tailer teoriko-praktikoak 80 orduko iraupena du eta ondoren, lan esperientzia hartu eta enplegurako sarbidea errazteko, 200 orduko praktikak edo 2-9 hilabete bitarteko praktika ordainduak egingo dira.
HAZILAN+ proiektu berria irailaren 30ean hasiko da baina plaza batzuk libre dauden oraindik eta izen-ematea hilaren 23ra arte luzatu da. Bi bide daude eskaera orria eta dagokion dokumentazioa aurkezteko: Erregistro elektronikoarren bidez edo aurrez aurre, Debagoieneko Mankomunitatean Arrasateko egoitzara hurbilduta. Informazio gehiago Mankomunitateko web atarian topatuko duzue.
Hazilan egitasmoa urtean birritan gauzatzen du Debagoieneko Mankomunitateak, Garapen ekonomikorako agentziak koordinatuta eta Europako Gizarte Funtsaren dirulaguntzaz. 2016tik 2022ra arte, Hazilan proiektuaren 13 edizio egin ziren, 187 pertsonek parte hartu zutelarik. % 70etik gorako laneratze-indizea izan du egitasmoak eta laneratzea egonkorra izan dela adierazten du sei hilabetera egiten den jarraipenak. Orain, programa berritu da eta HAZILAN+ izenez aurkezten zaigu baina eskualdeko langabe kualifikatuen laneratzea errazteko helburua mantentzen du eta baita Europako funtsaren dirulaguntza ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!