HAZILAN+ proiektuan parte hartzeko izen-ematea abiatu du Mankomunitateak, martxoaren 14ra arte

Hazilan+ unibertsitate titulazioa edota erdi edo goi mailako lanbide heziketa zikloren bat duten baina ikasitako esparruan lan esperientzia txikia edo batere ez duten, debagoiendarrei zuzenduta dago eta kolektibo horren laneratzea eta enplegagarritasuna hobetzea da helburua. Hiru baldintza bete behar dira parte hartzeko: Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea, langabe egotea eta erdi edo goi mailako Lanbide Heziketako ziloa, unibertsitate gradua edo unibertsitate ondokoa amaituta izatea.
Programak bi fase ditu: parte-hartzaileek lan merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortzeko 80 orduko talde tailerra, batetik, eta enpresetan praktika bekadunak, bestetik, parte-hartzaileek benetako lan esperientzia izan dezaten. Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak urtean bi aldiz betetzen du Hazilan+ proiektua eta 2025eko lehenengoa martxoaren 24an hasiko da. Dagoeneko zabalik dago parte hartzeko izen-ematea, martxoaren 14ra arte. Bi bide daude eskaera orria eta dagokion dokumentazioa aurkezteko: erregistro elektronikoaren bidez mankomunitatearen web ataritik edo aurrez aurre, Debagoieneko Mankomunitatearen Arrasateko egoitzara hurbilduta.
Hazilan+ egitasmoa EAEko 119 udalerritara iritsiko da, tokian tokiko Garapen Agentzien bitartez. Debagoieneko Garapen Agentziarekin batera Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko beste 14 agentziek bat egin dute 2025eko programan. Proiektuak 2.102.450 euroko aurrekontua du eta Europako Gizarte Funtsak %40an finantzatzen du eta 1.400 pertsona baino gehiagori eragitea espero da, enpresek eskatzen dituzten gaitasunak eskuratuz.
Hazilan+ urteetan burutu zen Hazilan proiektuaren jarraipena da. Hazilan proiektuaren 13 edizio egin ziren Debagoienean, 2016tik 2022ra eta 187 pertsonek parte hartu zuten, % 70etik gorako laneratze-indizearekin.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!