Oñatiko udala

Hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketa egingo da arratsaldeko Osoko Bilkuran

2024/03/21
Card image cap
Araotzeko ostatuaren emakida, urteko lehen kreditu aldaketa espedientea eta Palestinaren aldeko mozioa aztertuko dira, besteak beste

  Aste Santua tarteko astebete aurreratu da martxoko Osoko Bilkura eta gaur arratsaldean egingo da. Lan zerrendan 12 puntu jaso dira, tartean, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan mahaitan egon beharko duten herritarrak izendatzeko zozketa publikoa egitea. Zozketa aplikazio informatiko baten bidez egingo da. Horren arabera jakingo da Oñatin zabalduko diren 15 hauteskunde mahaitan presidente, bokal eta hauen ordezko izango diren herritarrak. Guztira 135 herritar izendatuko dira. Bihartik aurrera berriz, jakinarazpenak banatzen hasiko dira.

  Lehengo prozesua bertan behera utzi ondoren, Araotzeko ostatuko zerbitzuen emakidaren kontratazio espedientea onartu eta esleipen prozesu berria abiaraztea proposatuko da arratsaldeko bileran. Oinarrietan hainbat baldintza aldatu dira.

  Diru kontuak ere proposatuko dira: Debagoiena 2030 Ikastetxeklik proiektua garatzeko Gizabidea elkartearekin lankidetza hitzarmena berritu eta dirulaguntza zuzena ematea, auzo jaiak gauzatzeko Santa Marina auzoko elkartearekin hitzarmen-eredua onartzea eta ia bi milioi eta erdi euroko kreditu aldaketarako proposamena. 2023ko aurrrekontuen likidazioa eginda hainbat lanetarako diru partidak kreditu gehigarrian jaso dira, 2024an lehenetsi diren beste gastu batzuekin batera. Batekoak eta bestekoak batuta 2.480.000 euroko kreditu gehigarriak jaso dira arratsaldean aurkeztuko den kreditu aldaketarako espedientean.

  Mozio bat ere aztertuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran. Herritar talde baten ekimenez, eta EH Bilduren eskutik “Instituzioak Israeli boikot” izenburudun mozioa aurkeztuko da.

  Batzarra, 18.30etan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!