Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak ostiralean itzuliko dira eskolara
Astelehena, Arantzazuko Amaren eguna izaki, jai izango da Oñatin eta herriko gaztetxoenentzat asteburua luzatzeko aukera, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, eskolen hasiera pitin bat atzeratzeko eguna izango da. Baina guztiak ostiralean itzuliko dira ikastetxeetara, batzuek, lehen eskola eguna betetzeko, besteak, aurkezpenean, ordutegiak eta bestelako xehetasunak soilik jasotzeko.
HH eta LHko ikasleak ostiralean hasiko dute 2024-2025 ikasturtea, herriko hiru eskoletan, eta egun berean, ostiralean, alegia, aurkezpenak izango dituzte helduagoek: Elkar Hezin, DBH1-2 eta 3koek, 10:00etan, ordu erdi beranduago, gainontzekoek; Txantxiku ikastolan 11:00etan Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiek eta Oñati institutuan, DBH 1 eta 2, 11:30etan, gainontzekoek, ZIG gelakoak barne, 12:00etan eta Lanbide heziketako lehen mailakoek 10:30etan eta 2. mailakoek 12:00etan.
6 urtetik gorako ikasleek, bestalde, Oñatiko eskola-agenda berria jasoko dute. Inauteri txikia gaia lantzen da eta, iaz, LH5. mailan zeuden ikasleek osatu zuten, Mirari Sagarzazu hezitzailearen gidaritzapean. Marrazkiak eta bertsoak sortu zituzten eta Oñatiko inauterien inguruko argibide laburrekin txertatu dira eskola agendan. 1550 ale argitaratu dira ia 6.800 euroko aurrekontuarekin.
Liburu eta material berriarekin batera, instalazio berriak ere estreinatuko dituzte zenbait ikaslek, herriko ikastetxe batzuetan egin diren lanak nobedade baititugu. Urgain eskolako jolastokian, kirol guneko obrak atzeratuta doaz eta saneamendu sarea eta zoladura berritu da baina marrak margotu eta porteriak eta argiak jartzea falta da. Irailean zehar amaitzea espero du eskolako zuzendaritzak.
Zuazola institutuan Ikaslab espazioa egokitu du Eusko Jaurlaritzak eta metodologia aktiboen bidez ikasi eta irakasteko gunea prestatu du, eraikinaren bigarren solairuan. Espazio malgu berria, hainbat gunetan banatzen da, txoko bakoitzean ikasleek egingo duten lanaren arabera. Pentsatu, ikertu, sortu eta komunikatzeko espazio eta bitartekoak biltzen dituen laborategia izango dute institutuko ikasleek.
Larraña institutuan, berriz, gimnasioa egokitu da, bi gela bat eginda, Egokitzapen Fisikoko goi mailako ziklokoek erabili dezaten. Astean zorua jartzen aritu dira eta ispiluak eta gimnasiako elementuak ipintzea falta da. Larraña institutu kanpoaldean ere berrikuntzak izango dira, eraikinaren aurrealdeko zati bat oinezkoen gune bihurtuko dutelako. Larraña etxea eta lanbide instituturako sarreren aurrealdean ibilgailuen zirkulazioa mugatuko da, lorontziak eta hesi elementuak jarriz. Horrela bi eraikinen erabiltzaileen bide segurtasuna hobetu nahi da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!