Oñatiko udala

Hasi dira Urgain eskolako jolasgunea eraberritzeko, bigarren faseko A ataleko lanak

2024/06/11
Card image cap
Lanak abuztuaren 10erako amaitzea aurreikusten da

  Urgain Herri Eskolako jolasgunea eraberritzeko lanen fase berri honetan, euri uren sarea eraberrituko da, argiztapen publikoa jarri eta jolastokiko kantxen eremua berrasfaltatuko da eta iturria egokituko da. Lanak, Iñigo Segurola Lur paisajistak enpresak landutako proiektuaren arabera egingo ditu Morga SL enpresak. Lanak 228.482 eurotan esleitu zituen Udalak eta inbertsioari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ingurumen sailen dirulaguntzak eskatu dira. Hasi berri diren lanak abuztuaren 10erako amaitzea aurreikusten da.

  Jolas patioa eraldatzeko proiektuaren azken helburua da jolastokia gune hezitzaile bat gehiago bilakatzea; natura eskolara gerturatu, harremantzeko eta jolasteko eredua eraldatu, genero rolak irauli eta balio hezitzaileak sustatu nahi dira. Helburu horrekin iazko udan I. faseko lanak gauzatu ziren: kirol zelai asfaltatuaren azalera gogorra heren batean murriztu eta borobilez osatutako gune mistoa sortu zen eta patio ondoko udal jabetzako lur saila eskolako eremuan integratu zen eta, aldi berean, bertako uren kanalizazioa egin beharra zegoela aprobetxatuz urmaela egokitu zen.

  Lehen faseko lanek 98.970 euroko inbertsioa eskatu zuten, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ingurumen sailetatik jasotako dirulaguntzez %100ean finantzatu zirelarik. Orain hasi diren 2A faseari dagozkion lanak datorren urtean osatuko dira, zuhaitzak landatuz eta jolas elementuak jarriz. Lanak, 2025ko udan guztiz amaitzea aurreikusten da.

  Urgain Herri Eskolako jolasgunea eskola komunitateak erabiltzen du ikasturtean zehar eta eskola ordutan, baina gainontzeko ordutan, asteburutan eta opor garaian, Errekaldeko auzotarrei eta, orokorrean, herritar guztiei irekitzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!