Oñatiko udala

Hasi dira San Martin egoitza egokitzeko lanak

2023/09/05
Card image cap
Bizikidetza unitate txiki berria eratuko da mojen bizileku izandakoan eta igogailu handi bat ere egokituko da

  Abuztuaren 21ean hasi ziren San Martin egoitza egokitzeko lanak. Bizikidetza unitate berri bat eratuko da bigarren solairuan, mojen gelak zeuden gunean. Banakako sei gela eta beste gela bikoitz bat eratuko da, zazpiek komuna eta office txiki bana izango dute. Gune komunak ere eratuko dira unitate berri honetako egoiliarrentzat: egongela, komuna, sukalde-jangela, biltegia eta kontrol gunea. Etxe-egoitza eredua jarraituz 8 lagunentzako espazio goxoagoa prestatzea da helburua.

  Egoitzako bigarren solairuan egiten ari diren lanok probestuko dira, bestalde, igogailu handi berri bat jartzeko, eraikinak egun dituen bien osagarri. Egiten ari diren lanak eta bereziki amaieran eratuko den espazio berria irudikatzen duten hainbat panel prestatzen ari dira eta San Martin egoitzaren sarrerakoan jarriko dira egoiliarrek eta senitartekoek ikus ditzaten.

  Orain bi aste hasi zituzten lanok ez dute aparteko eraginik izan San Martingo eguneroko dinamikan, eraikinaren bigarren solairu atzealdean, egoitzako sukaldea eta jangela gaineko gunean egiten ari direlako eta langile eta materialen sarrera-irteera etxearen atzealdeko parking-etik egokitu delako. Langileen aldagelak ere bertan egokitu dira eta, ondorioz, hainbat aparkaleku kendu behar izan dira.

  Gipuzkoako zaharren egoitzak etxe-egoitza eredu berrira egokitzeko Next Generation eta Covid funtsetatik jasotako 20 milioi euro bideratu ditu Foru Aldundiak. Kabia fundazioak kudeatzen dituen sei egoitza egokitzen hasi dira aurten, tartean, San Martin egoitza. Urbycolan S.L enpresa ari da egokitze lanak egiten. 28 asteko epean egitea adostu da, 2024ko udaberrirako, gutxi gora behera, eta aurrekontua, berriz, 804.626 euro (+BEZ) da.

  San Martin egoitzak 83 lagunentzako lekua du eta plaza guztiak beteta daude egun. Eraikinaren bigarren solairuan egiten hasi diren lanei esker 8 plaza berri sortuko dira, 91 egoiliarrentzako lekua izango baita. Banakako logelen eskaintza handituko da gainera, une honetan dauden 55 geletatik 28 bikoitzak baitira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!