Oñatiko udala

Hasi dira San Juan kaleko irisgarritasun lanen 2. faseari dagokion lanak.

2013/04/15
Urbanizazio lanei ekin aurretik, ur hoditeria aldatuko da.

  San Juan kalea irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanen bigarren fasea, anbulatorio ondoko errotondatik Parrokia aurrealdera bitarteko tartean egingo dira.

  Laburrean esateko, kale osoan plataforma bakarra egokituko da, espaloiak eta galtzada maila berean jarriz. Era berean, oinezkoentzat arriskutsu diren desnibelak eta garaje sarrerak egokituko dira eta erreka aldera joateko ibilbideen maldak leunduko dira. Bestelako oztopo arkitektonikoak ere kenduko dira.

  Baina lan horiek egiten hasi aurretik, kaleko ur hornidura sarea guztiz berrituko da. Lehenik, hoditeriaren norabidea ezagutzeko katak egingo dira. Kata hauek hiru lekutan egitea aurre ikusten da: lurrazpiko aparkaleku sarreraren parean, kale-barrenean, hau da, jarri berri diren bi piboteen inguruan eta errotonda parean.

  Hoditeria aldatzeko kalea zulatu beharra dago. Hartarako zanga,  behealdean zabalduko da lehenik, piboteetatik aparkaleku sarreraraino. Ondorioz, bide tarte hori trafikorako bi astez edo itxiko da.

  Ur hoditeria aldatzeko lanen bigarren fasean, errepideko zuloa errotonda pareraino irekiko da. Ahal dela, errepide zati bat zabalik mantenduko da aparkalekurako sarrera-irteera libre uzteko.

  Hoditeria aldatu eta beharrezko probak egin ondoren, kalea egokitzeko lanak hasiko dira eta berriro, kalearen barrenetik gora eta faseka egingo dira. Lanak egiten ari ez diren guneetarako pasabidea libre uzteko ahalegina egingo da.

  Zubikoako lurrazpiko aparkalekua jende askok erabiltzen du, bereziki, ikastolara haurra utzi edo hartzera doazen askok. Horretxegatik, eta beti ere ahal den neurrian, aparkalekurako sarrera-irteera egokitzeko lanak, eskola oporretan eta asteburu aldera egiten ahaleginduko dira, erabiltzaileei ahalik eta traba gutxien sortzeko.

  San Juan kalea irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanek hainbat ondorio izango dituzte trafikoan: Zapatuko azokara datozen kamioi eta furgonetak Ikastola eta azoka-eraikinaren arteko bidetik sartuko dira pilotalekura, hiletetarako autoak, Ikastola eta Udaltzaingo-eraikinaren arteko bidetik sartuko dira Gazteleku aurrealdera eta Korpusetan etorriko diren barrakak, Txaketuaneko bidegurutzetik sartuko dira plazara eta aparkaleku zaharrera. Udaltzaingoan, guztia planifikatuta dute.

  Ugarte eraikuntza enpresak egingo ditu San Juan kaleko egokitze lanak. Guztira, kasik 124.500 euroko aurrekontua dute. Gaur, jada, langileen txabolak jarriko dira eta ur hoditeria aldatzeko katak, bihar egitea aurre ikusten da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!