Hasi dira Pumptrack pista egokitzeko lanak egiten Eltzia atzealdean
Leioako Poolsport soluciones SL enpresako langileak astean hasi dira Pumptrack pista egokitzen, Larraña institutuko terreno zen zelaian. Lur-kentze lanak egiten hasi dira eta laster ekingo diote zirkuitoa osatuko duten bide eta abilezia lantzeko guneak prestatzen. Izan ere, Pumptracka bihurgunez, goragunez eta sakonerez jositako zirkuitu itxia da eta Eltziakoa ere halaxe egingo da: 150 metroko luzerako zirkuitua, zailtasun maila ezberdineko azpi-gunez hornituko da, 10 metroko erradiodun asfaltozko atseden gunea ere izango du. Oro har, bost peralte eta askotariko erabilerarako 24 modulu izango ditu. Eltziako Pumptrack-a, aldi berean 37 lagunek erabiltzeko aukera eskainiko duen gunea izango da eta mendi bizikletan, patinetan edo skatean ibiltzeko egokituko da.
Astean hasi diren lanak 12 astetan, maiatza erdi-amaierarako, bukatzea aurreikusten da baina gunea ez da berehalakoan erabilgarri egongo, segidan, zirkuiturako sarbidea ere egokitu beharko baita. Eltzia aldamenetik 3,5 metro zabalera inguruko bidea eraiki eta asfaltatuko da. Segurtasuna bermatzeko hainbat argi puntu jarriko da bai bidean eta baita pumptrack-aren ondoko fatxadan ere. Lan osagarri hauek esleitzeko prozedura martxan da eta proposamenak aurkezteko epea, datorren ostiralean, martxoaren 15ean amaitzen da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!