Oñatiko udala

Hasi dira Olakuako 3. areako irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten

2023/06/15
Card image cap
Morga enpresak egingo ditu, bost hilabeteko epean

  Olakuako 3. areak auzoko 1 eta 2 zenbakidun etxe-blokeen inguruak hartzen ditu. Obra eremua mugatu eta materiala ekartzen aritu dira astean baina gaur jada, 2B atariaren aldameneko berdegunean lurra kentzen hasi dira. Lorategi horren zati bat mantenduko da eta beste zatian 8 aparkaleku egokituko dira. Zintarria ere ipiniko da berdegunearen bueltan, ikusmen urria duten pertsonen orientazioa errazteko.

  2A-2B atariek igogailua duten aldean espaloia zabalduko da, oinezkoek errepidera jaitsi gabe joateko aukera izan dezaten, eta etxeen aldameneko ibilbideak berrituko dira, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak lekualdatuz. Plataforma bakarra eratuko da, galtzada eta espaloiak altura berean jarrita. Autobus geltokirako pasabidea ere egokituko da. Oinezkoen ibilbideak, zebra-bideak eta mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak berrituko dira, irisgarritsun arauetara egokitzeko, edo araua guztiz bete ezin den kasuetan, egungo egoera hobetzeko. Zoladurak eta eserlekuak ere berrituko dira. Olakua auzoko 2-3 eta 3-4 zenbakidun etxe-blokeen inguruan aurrez egindako lanen eredua jarraituko da 3.area deritzon honetan ere.

  Gaur hasi diren irisgarritasun lanok probestuko dira inguruko saneamendu eta ur hornidura sarea berritzeko. Ur azpiegitura lanok Gipuzkoako urak enpresak ordainduko ditu baina udalak bideratu duen esleipen prozeduraren baitan jaso dira. Lanak Martzelino Zelaia kaleko irisgarritasun lanak egin dituen MORGA enpresak egingo ditu. Lanek 275.469 euroko aurrekontua dute, BEZa barne eta bost hilabetetan egingo dira. Urte akaberarako beraz, amaitzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!