Oñatiko udala

Hasi dira Natur eskolako atzealdeko fatxada konpontzeko lanak

2023/09/28
Card image cap
Fatxadako isolamendua eta egur estalkia kaltetu zituen maiatzean piztu zen suak

  Maiatzaren 25ean Natur eskolara zabaldu zen sua, eraikinaren atzealdean piztu zela uste da. Fatxada isolatzeko lasto fardoek berehala hartu zuten su eta eskolaren atzealdeko horma bereziki kaltetu zen. Leiho bateko kristala lehertu egin zen, beroaren ondorioz, eta sarrera nagusiko kristalezko atea ere apurtu zuten suhiltzaileek, eraikinera sartu ahal izateko. Kalteak 33.829 eurotan baloratu ziren aseguru etxearen peritazio txostenean.

  Natur eskola eraberritzerakoan kanpoko hormak isolatu zituen Egurpe enpresara jo da konponketa lanak egin ditzan. Atzealdeko fatxadan erre ziren lasto fardoak ordezkatu eta egurrezko xaflaz estaliko dira. Irailaren 7ko tokiko Gobernu Batzarrean onartu ziren lanak martxan dira. Lanek, 30.381 euroko aurrekontua dute.

  Eraikinaren kanpoaldean egiten ari diren konpontze lanek ez diote Natur eskolaren jarduerari eragiten eta kurtsoa hastearekin batera hasi dira baita ere ikasleak hartzen. Irailean herriko ikasleak izan ohi dira bertaratzen direnak eta ekintza asko kanpoan egiten dituzte, eguraldia lagun.

  2022-2023 ikasturtean 5.787 ikasle hartu zituen natur eskolak. Gehienak, %60 inguru, Oñatikoak izan ziren, konkretuki, 3.458. Gainontzeko 1.887ak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorri ziren. Natur eskolako eskaintza doan da herriko ikastetxeentzat baina kanpotik datozenek 4 € ikasleko ordaindu behar dute. Diru sarrerak, guztira 7.548 euro izan ziren. Horren erdia otsaila-martxoan egin ohi duten Ingurumen astea finantzatzera bideratuko da.

  Asko dira, baita ere, Natur eskolara hurbiltzen diren herritarrak; aurreko kurtsoan 1.500 pasa izan ziren, udalean aurkeztu den ikasturteko balantzearen arabera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!