Hasi dira jada Udanan jausi den errepide zatia konpontzen
Orain bi aste formalizatu zuten obra kontratua Foru Aldundiak eta lanen esleipena lortu duen Sasoi eraikuntza enpresak. Eta dagoeneko hondeamakinak lanean ari dira. GI-2630 errepideko 9 eta 10. kilometro puntuen artean errepide zati batek behera egin zuen. Azpiko lurra galduta, errepide zatia jausi egin zen, zuloa sortuz. Kaltetutako errepide zatiaren zoru guztiari eragiten dion lerradura egonkortuko da, eta horretarako 45 metroko eskoilera bat eta terraplena eraikitzen ari dira.
Lanak errepidea itxi gabe eta azken asteetan bezala, trafikoa semaforo bidez erregulatuta egiten ari dira. Lanok egiten diren bitartean pisu, zabalera edo luzera bereziko garraio ibilgailuek ezin dute Udanatik pasa. Konkretuki, 3 metro eta erdiko zabalera, 25 metroko luzera edota 40 tonako pisua gainditzen duten ibilgailu guztiek debekatuta daukate Udanatik pasatzea. Kamioi bereziek ez ezik, bizikletek ere ezin dute Udanatik pasa, mendatea hasten denean bizikletaz pasatzeko behin behineko debeku seinalea jarri batzuen Diputazioak.
Lanok Aste Santuko egunen ondoren hasiko zirela iragarri zuen Foru Aldundiak orain hilabete inguru baina dagoeneko hasi dira. Bi hilabete eta erdiko exekuzio epea dute eta ondorioz, gauzak ondo, ekaineko lehen hamabostaldian amaituko dira. Lanak 209.000 €ko aurrekontuaz esleitu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!