Hasi dira gripe eta Covid txertoak jartzen anbulatorioan
San Martin egoitzako egoiliarrak izan dira aurten ere herrian txertatzen lehenak. Pasa den asteazkenean hasi ziren gripearen kontra txertatzen eta hartarako eskaera egin duten guztiak bakunatu dituzte jada. Aldi berean, Covid-aren kontrako txerto berria hartzeko baimen-orriak banatu zaizkie egoiliarrei edo familiei eta horiek jartzen hasteko gertatzen ari direla adierazi digute egoitzako arduradunek. Gripearen kontra ia egoiliar guztiak txertatzen dituzte baina Covid-ari aurre egiteko bakuna, gutxiagok hartzen du.
San Martin egoitzan bi txertoak egun ezberdinetan jartzen dituzte baina anbulatorioan aldi berean hartzeko aukera ematen da. 60 urtetik gorakoek, gaixo kronikoek, haurdun daudenek edo zaintza eta osasun arloan diharduten profesionalek gripearen edota Covid-aren txertoa hartzeko hitzordua eskatu dezakete jada, anbulatoriora telefonoz deituta edo osakidetzaren web atarian sartuta. Bi txertoak aldi berean edo banatuta, edo bat edo beste hartzeko aukera eskaintzen da. Azken asteotan Covid kasuak eman dira gure inguruan, eta positibo izan direnek Covid txertoa hartzeko zenbat denbora itxaron behar den galdetu beharko dute. Gripearena orain hartzeko ez dago arazorik. 80 urtetik gorakoei zuzenean telefonoz deituko diete txertoak hartu nahi dituzten galdetu eta hala bada txanda emateko.
Haurrak ere txertatu ahal izango dira, iaz bezala, eta sei hilabete eta 5 urte arteko haurrei ere gripearen kontrako txertoa jarri edo emango zaie; 20 hilabetetik gorakoei txertoa sudurretik emango zaie. Kasu honetan, haurrek eragin dezaketen transmisio katea eragotzi nahi da, asko, aitaita-amamekin egoten direlako eta kutsatze foku izan daitezkeelako. Haurren txertatze maila %16koa izan zen iaz eta proportzioa bikoiztea da Osakidetzaren helburua aurten.
Prebentzio kanpainaren lehen asteotan, haur txikiak eta ohiko arrisku taldeetan daudenak txertatuko dira; azaroaren 4tik aurrera, berriz, gainontzeko herritarrek ere gripearen eta Covidaren aurkako txertoak hartzeko hitzordua eskatu ahal izango dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!