Oñatiko udala

Hasi dira Gabonetako argi apaingarriak jartzen

2024/11/05
Card image cap
Gabonetako apaingarriak, gaur
Abenduaren 12n piztuko dira, baina instalaziorako azpiegitura egokitzen hasi dira erdigunean eta lehen apaingarriak ere muntatu dira

  Hernaniko Maykolux enpresari esleitu zaio Gabonetako argiteria jarri eta mantentzeko zerbitzua, aurten ere, eta dagoeneko hasi dira instalazio lanekin. Erdigunean, kale Barrian, esaterako, apaingarriei eutsiko dieten kableak jarri dira eta bestelako lotura lanak egiten ari dira, baina herri sarreretako biribilgune batean, apaingarriak jada jarrita daude. Ez dira, ordea, berehalakoan piztuko, abenduaren 12an ixuketia erabaki baitu Udalak. Bitartean, instalazio guztia eta elementu eta argi apaingarrien muntaketa egin beharko da.

  Ohiko kale eta txokoak apainduko dira Gabonetan: kale Zaharrean, eta Atzeko kalean 8na arku jarriko dira eta kale Barrian 11. Gainera, Bidaurretako zuhaitza eta Kalegoienako eta Unibertsitate etorbideko biribilguneak apainduko dira eta plazan, arkuetan eta magnolietan argiak jarriko dira eta udaletxeko fatxadan urte berri on mezu argiztatua ere bai.

  Halako lanak egiten dituzten hiru enpresei proposamena eta aurrekontua aurkeztea eskatu zitzaien, Gabonetako argi apaingarriak jartzeko zerbitzua kontratatzeko, baina Maykolux enpresak bakarrik erantzun zuen. Eskaintzak udalak zehaztutako baldintzak betetzen zituela ikusita, onartu eta lana Maykolux-i esleitzea erabaki da. Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien alokairuaren aurrekontua 18.029 euro da.

  Gabonetako argi apaingarriak jartzeko lana egiten duten enpresentzat bereziki lanpetuak izan ohi dira urte amaierako asteak, deiak eta enkarguak herri askotatik jasotzen dituztelako eta guztiak garai bererako. Ondorioz, muntatze lanak aurreratzen saiatzen dira, kasu honetan, Oñatin egiten hasi diren bezala, oraindik azaroaren 5a dugun arren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!