Oñatiko udala

Hasi dira berritze lanak Eltzia eraikinean

2025/03/11
Card image cap
Bigarren igogailu bat jarriko da, areto nagusiaren ondoan bi komun berri egingo dira eta biltegian aireztapen sistema instalatuko da

  Eltzia eraikinean badago igogailua, Musika Eltziarako sarreran, hain zuzen ere, baina eraikinaren mendebaldeko bolumenean ez. Taberna aldetik dagoen sarrera nagusian, topalekuaren erdialdean, 4. solairuraino iritsiko den igogailua jarriko da. Aldi berean, 3. solairuan bi komun egingo dira, areto nagusiaren aldamenean. Komunetako bat guztiz irisgarria izango da, mugikortasun mugatua dutenek erabili dezaten. Gainera, erdi sotoan dauden biltegietako hezetasunak konpontzeko, aireztapen sistema jarriko da.

  Eskoriatzako Frixi eraikuntza enpresa hasi da Eltzia berritzeko proiektuari dagozkion lanak egiten. Ingurua prestatzen eta seinaleztatu zen lehenik, eta materiala sartu eta lanean hasi dira azken egun hauetan. Igogailuaren obrek Topagunea bete-betean hartzen dute, hall-eko atzeko paretaren kontra eta biltegitik gora datozen eskaileren parean kokatuko baita. Hala ere, Topagunea erabilgarri egongo da lanak egiten diren bitartean, nahiz eta zarata izango den lanorduetan. Igogailuaren obra-eremua mugatu da baina pasabidea izango da ate nagusitik hall-a gurutzatu eta topaguneraino. 

  Eltzian hasi berri dituzten berritze lanen afekziorik handiena biltegietako eremuan egongo da, sarrerako atea eta eskailerak zerbitzuz kanpo utzi baitira. Horregatik, Eltziako erabiltzaileek biltegietatik beharrezkoak zituzten gauzak atera eta eraikineko beste gune batzuetara aldatu zituzten eta biltegia bera produktuak banatzeko erabiltzen zituen Ortuzabala kontsumo taldeari, beste leku bat utzi zaio, obra eremutik kanpo. Lanak egiteko sei hilabeteko epea eman zuen Udalak.

  Lanak bi lotetan berezitu ziren esleipen prozeduran: igeltserotza lanen baitan igogailua jarri eta bi komun egitea jaso zen, batetik, eta aireztatze lanak, bestetik. Hiruna enpresa aurkeztu ziren bietara eta puntuaziorik altuena Frixi eraikuntza enpresak lortu zuen bi kasuetan; eskaintza ekonomiko merkeena aurkeztu zuen eta berme eta mantentze epeak luzatzeko eskaintza egin zuen bakarra izan zen. Lanak 198.000 eurotan egingo ditu, udalaren gehienezko aurrekontua ia 17.500 eurotan merkatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!