Oñatiko udala

Hasi dira barrakak iristen

2024/05/22
Card image cap
Kaseta eta atrakzio ezberdinak plaza ondoko jolasgunean muntatzen ari dira eta ostiralean jarriko dituzte martxan

  Herriko bi jai-garai nagusitan etorriko diren ferialariekin zuzenean negoziatu du Udalak. Herritarren eskaerak, adin ezberdinetarako eskaintzen arteko oreka, barietatea, beste herri batzuetan dituzten konpromisoak edota plazaren eta aparagailuen neurrien arabera zehazten da Oñatira udaberrian eta udazkenean ekarriko diren barrakak. Korpus jaietarako hitzartutakoak herrira iritsi eta muntatze lanetan hasi dira jada.

  Txurreria, hiruzpalau kaseta eta 7-8 aparatu mekaniko etorriko dira herriko bi jai garaitan. Udalak, ia 10.500 euro jasoko ditu guztira, zoru publikoa okupatzeagatik udal tasa kontzeptuan. Ferialariekin udal tasa ez ezik beste hainbat puntu ere adostu dituzte Kultura batzordeko ordezkariek: txartelen prezioa, bidaiaren iraupena, idatzizko eta audio mezuen hizkuntza eta abar.

  Gutxienez bi minutu eta erdi iraun beharko duen bidaiaren txartela 2 eurotan salduko da eta 6 bidaietako bonoa berriz, 10 eurotan. Korpusetan etorri ohi den Jumping aparatuaren berezitasuna gogoan, 3 euro kobratzeko baimena dauka. Baina larunbatean, maiatzaren 25ean, prezioak euro bat merkeago izango dira. San Migeletan, irailaren 22an merkatuko dira barraketako txartelak. Era berean, barraketako argiak eta soinu ekipoak bi orduz itzaliko dira ekainaren 1ean, eta irailaren 22 eta urriaren 6an, aniztasun funtzionala duten haurrak gogoan. Halako estimulu intentsuek traba egin eta oso urduri jartzen dituzte. Bi orduko etenaren bitartez gizartea sentsibilizatu nahi da.

  Barrakak plaza ondoko jolaslekuan dauden bitartean, ferialarien karabana eta atoiak Garagaltza auzoko ULMA alboko aparkaleku publikoan utzi beharko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!