Harrera oso ona izan du berriro Mentsad prestakuntza programak
Taldea guztiz osatu da eta 25 partaiderekin hasiko da datorren astean Foru Aldundiak eta SSI talde kooperatiboak antolatutako Mentsad prestakuntza programa berria. Udalak aurrez abiatu zuenaren antzera, zaintza alorreko langileei zuzenduta dago, baina oraingoa Debagoienera zabaldu da. Mentsad metodologiak autoprestakuntza eta larunbatetan egiten diren aurrez aurreko saioak tartekatzen ditu eta, ondorioz, ikastaroa bateragarria da zaintza lanetan ari direnen ordutegi eta dedikazioarekin.
Egitasmoak helburu bikoitza du: parte hartzaileen enplegarritasuna eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Autoprestakuntza eta saio presentzialak tartekatzen dituen ikastaro hau 23 larunbatez luzatuko da. Aurrez aurreko saioak larunbatetan, arratsaldez izango dira, 15:00etatik 19:00etara.
Ikastaro taldea aste gutxiren buruan guztiz bete da, 25 lagun daude, eta otsaileko azken larunbatean, 25ean ekingo diote formakuntzari. Hala, Mentsad programa betetzen duten bi talde arituko dira aldi berean lanean Zubillagan, udazkenean lehena hasi zelako Udalaren ekimenez. Lehen saio hori Bidebarri laneratze enpresa eta Caritas-Elkarzabalekin batera abiatu zuen Udalak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!