Oñatiko udala

Hariberria zentroa ireki dute Arrasaten, sexu-indarkeria jasan dutenei arreta integrala emateko

2025/03/28
Card image cap
Debagoienako emakumeei emango die zerbitzua, Donostiara joan beharrik gabe

  Gipuzkoako Foru Aldundiak Hariberria zentroa inauguratu du Arrasaten, aurreikusitako hiru zerbitzuetako bigarrena. Egoitza berri honek indartu egiten du sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei, haien senideei eta gertuko pertsonei laguntza integrala emateko sarea. Baliabide berria, Arrasateko Uribarri kaleko 5. zenbakian dago. Espazio eta irisgarria da, eta sexu-indarkeria motaren bat jasan duten edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei arreta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago. Zentro seguru honetan informazioa, akonpañamendua, laguntza psikologikoa eta laguntza juridikoa emango dela adierazi du Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak.

  Debagoeineko emakumeak Arrasateko zerbitzuan artatuko dituzte, Donostiara joan beharrik izan gabe. Hala ere, Arrasateko zentroak ez du Donostiako egoitza nagusiaren funtzionamendu berbera, bertan ez baita izango 24 orduz aurrez aurreko arreta iraunkorra eskainiko duen langilerik. Kasu honetan, instalazioetara gerturatzeko hitzordua emango zaio biktimari. Zerbitzua 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, baita haien senideei eta gertuko inguruneari ere. Hala kontsultak egin edo informazioa jasotzeko bide ezberdinak zabaldu dira: 900 840 188 telefonoa, 747 444 389 WhatsAppa eta hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa. 

  Zentro berriak 384.187,95 euroko aurrekontua izan du, eta funts europarrek finantzatu dute. Donostiakoarekin eta Arrasatekoarekin batera, Zaldibian irekiko dutena izango da Gipuzkoako hirugarrena. 2024ko uztailaren 1ean ireki zenetik, Hariberria zerbitzuak 350 kontsultari eman dio erantzuna. Horietatik 147 donostiarrek egin dituzte, 168 gainerako gipuzkoarrek, 2 beste probintzia batetik egin dira, 3 atzerritik (Gipuzkoan erasoak jasan zituzten pertsonek) eta 30 zehaztu gabeko jatorrietatik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!