Oñatiko udala

Handitu egin da langabezia Oñatin urtarrilean baina urte hasieran ohikoa dena baino modu apalagoan

2025/02/06
Card image cap
3 langabe gehiago zenbatu dira

  Urtarrilean langabeziak gora egitea ohikoa da gurean eta, orokorrean, Hego Euskal Herri mailan. Baina aipagarria da Oñatin modu apalean handitu dela, edozein urte sasoitan aparteko garrantzirik emango ez geniokeen mailan, 3 langabe gehiago zenbatu baitira. Gorakada hori 25 urtez azpikoen artean gertatu da, 45 urtez gorakoen artean, berriz, pitin bat murriztu da. 25-45 urte artekoetan langabe kopurua bere horretan mantendu da azken hilabetean. Langabeen generoari erreparatuta, aldiz, gizonezkoak abenduan baino gutxiago dira eta emakumezkoak dezentez gehiago, 10 gehiago.

  Urtarrilaren 31ko datuak eskutan, Oñatin 311 langabe daude, eta ondorioz, urtea, %5,73ko langabezia tasaz hasi dugu. Abenduarekiko aldea txikia da, ez ordea, iazko urtarrilekoekin konparatzen baditugu. Orduan 29 langabe gehiago zeudelako herrian eta langabezia tasa puntu erdi handiagoa zen.

  Eskualdera begiratuta, langabeziak gora egin du baina modu apalean, orokorrean, Oñatin bezala. Abendutik urtarrilera 6 langabe gehiagoren aldea erregistratu da Debagoienean. Eskualdeko hiru herri nagusitan handitu da langabezia: Oñatin, Arrasaten eta Bergaran, gainontzeko herrietan berriz, langabe kopurua murriztu da. Une honetan, 2.399 langabe daude Debagoienean eta tasa, % 8,08 da.

  Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian ere berdin gertatu da eta gora egin du langabeziak azken hilabetean. Ohikoa da, lehen  Eguberriak eta urte akaberako lan kargari aurre egiteko sinatzen diren kontratu asko urtearekin amaitzen direlako. Baina kasu honetan ere esan behar da, aurreko urteetako urtarriletan baino modu apalagoan handitu dela langabeen kopurua. Urtarrilean, 2.302 langabe gehiago erregistratu dira Hego Euskal Herrian. Oñatin bezala, emakumeen artean eman da langabeziaren hazkunde hori, bereziki. Gizarte Segurantzako afiliazioari begira, aldiz, galera dezentez handiagoa izan da 13.133 kotizatzaile galdu baititu Gipuzkoan, Nafarroan, Araban eta Bizkaian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!