Oñatiko udala

Hamar auzo-bide konponduko dira aurtengo kanpainan

2023/09/12
Card image cap
Lanak egiteko lizitaziora bi enpresa aurkeztu dira

  Auzo-alkateen foroan eztabaidatzen dira auzotarrak kezkatzen dituzten gaiak, auzoetan gauzatuko diren egitasmoak eta konpondu beharreko bideak, besteak beste. Auzo eta baserri-bideen egoeraren berri ematen da foroan eta, premiaren arabera, konpondu beharrekoen plangintza zehazten da. Uztailaren 18an egin zen auzo-alkateen foroan eztabaidatu eta adostu zen aurtengo kanpainan zein auzo-bide konponduko diren. Landa eremuko hamar bidetan hamabi esku-hartze egitea erabaki zen, Injelan enpresak idatzitako exekuzio proiektua oinarri hartuta.

  Konponketa eta hobekuntza lan orokorrak egingo dira. Ez da beraz, asfaltatze lanik burutuko, proiektu txiki batzuen erremateak izan ezik. Iruatz, Lezesarri, Santa Lutzia, Tokillo, Kamela, Otadui-Urzelai, Agerre, Araotz Urruti eta Lurgorrieta baserrien inguruko bideen konponketa edo hobetze lanak jaso dira aurtengo kanpainan, gehienezko aurrekontua, 162.807 euro delarik.

  Ostiralean amaitu zen udalak deitutako lizitaziora proposamenak aurkezteko epea eta atzo, berriz, plikak ireki ziren. Bi enpresa aurkeztu dira prozesura: Excavaciones Arrasate SL eta Altuna y Uria SA. Enpresek azaldutako dokumentazio administratiboa aztertu eta ontzat eman du Kontratazio Mahaiak eta bihar irekiko dira eskaintza ekonomikoari dagozkion plikak. Prezioa izango da lanak esleitzeko irizpide bakarra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!