Oñatiko udala

Hamabost lan batzorde izango dira legealdi berrian

2023/06/30
Card image cap
Bakoitzaren partaideak eta buruak izendatu ziren atzoko Osoko Bilkura

  Udalaren jardunerako oinarrizkoak diren hainbat funtzionamendu gai onartu ziren atzoko osoko bilkuran. Orain arteko ohiturari jarraituz, plenoak hileko azken ostegunetan egitea adostu zen. Bestalde, 15 lan batzorde eratzea erabaki zen, aurreko agintaldian baino bi gehiago: Ogasuna, Pertsonala eta Barne Antolamendua, Hirigintza, Zerbitzuak, Landa Garapena, Ingurumena, Berdintasuna, Partaidetza eta Garapen Komunitarioa, Ongizate Zerbitzuak, Hezkuntza eta Euskara, Kultura, Gazteria, Kirolak, Sozioekonomia eta Turismoa. 15 batzorde askotxo direla esan zuen Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak baina gaiak hobeto lantzeko aukera ematen duen antolaketa dela defendatu zuen Izaro Elorza alkateak.

  Aipatu 15 lan batzordetan arituko diren zinegotzi eta batzorde buruen berri ere eman zen atzoko bileran. 15 batzordeetatik bitan Izaro Elorza alkatea izango da buru: Pertsonal eta Barne Antolamendua eta Berdintasuna batzordeetan. Xabier Igartua berriz, Ogasuna eta kontuen batzorde berezian, Zerbitzuak, Landa Garapena eta Turismoa batzordeetan izango da buru, eta gainontzeko 9etan, beste 9 zinegotzi izango dira batzordeburuak, guztiak EH Bildukoak. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarra EH Bilduko kideek osatuko dute soilik: Izaro Elorza, Xabier Igartua, Iñigo Ruiz, Iñaki Olalde, Lierni Altube eta Anik Zubizarreta izango dira gobernu taldeko kideak.

  Alkateak arduraldi esklusiboa izango du eta udal jardunean arituko da %100ean. Beste hiru zinegotzik, maila ezberdineko dedikazioa izango dute irailaren 1etik aurrera: Xabier Igartuak, lehenengo alkateorde eta Ogasuneko eta Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak % 50ekoa, eta berdin, Iñigo Ruizek, bigarren alkateorde eta Hirigintza zinegotziak. Iñaki Olaldek, hirugarren alkageorde eta Kultura eta Euskara zinegotziak, % 30eko dedikazio partziala izango du.

  Udal talde politikoentzako eta dedikaziorik ez duten zinegotzientzako diru sariak ere onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!