Hamabi laguneko taldea osatu da haurren danborrada antolatzeko
Udalak egindako bi deialdiei jarraituz antolakuntzan parte hartzeko interesa agertu zuten hamabi lagunak atzo arratsaldean bildu ziren eta haurren danborradarekin aurrera egitea erabaki zuten. Hala, haurren izen-emate orriak, entsegu egunak eta bestelako xehetasunak zehaztu zituzten.
2010ean eta 2011n jaiotako neska mutikoek parte hartu ahal izango dute aurten haurren danborradan baina aurrez, izena eman beharko dute. Izen-emate orriak Kultur etxean eskuragarri daude, eta behin beteta bertan jarri den postontzian utzi beharko dira. Izena emateko azken eguna uztailaren 19a izango da. Udaleko web atariaren bitartez ere egin ahal izango da haurren danborradarako izen-ematea.
Izena ematerakoan haurrak zaldi gainean irten nahi duen, gastadore izan nahi duen eta danborrada egunean, goizez, San Martin egoitzara joan nahi ote duen erantzun beharko da. Hiru ekintza horietarako behar den haur kopurua baino gehiagok edo gutxiagok izena emango balu, zozketa egingo litzateke. Gastadore gisa irteteko zozketa 2010ean jaiotakoen artean egingo da. Zozketa, uztailaren 23an egingo da Santa Ana aretoan, 18:00. Zozketara haurrek bakarrik sartu ahal izango dute, gurasorik gabe, eta bertaratu ezin duten haurrei e-mailez jakinaraziko zaie zozketaren emaitza. Entseguak berriz, Eltzian egingo dira, irailaren 3, 5, 10 eta 12an, 18:45tatik 19:30tara eta entsegu orokorrak, irailaren 17 eta 19an, 18:30tatik 19:30tara. Baina horren aurretik haurren danborradan parte hartu nahi duten haurren izena eman behar da, uztailaren 19ra bitartean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!