Haizeak botatako arbolek arazo ugari eragin dituzte asteburuan
Haizetsu joan da asteburua, bereziki, larunbata eta igande goizaldea. Ondorioz, udaltzainek eta suhiltzaileek dei askori erantzun behar izan diete. Udaltzaingoan jaso zen lehen abisua Araotzetik eman zen larunbat goizean, poste bat jausi zela adieraziz. Baina larriena Olabarrietako Arraxola baserritik iritsi zen, atari parean zuhaitz bat erori eta etxetik irten ezinda geratu baitziren. Suhiltzaileak joan behar izan zuten arbola erretiratzea. Eta Olabarrietan bertan, bidegorrira jausi zen beste zuhaitz bat kendu zuten.
Udanarako bidean ere errepide gainera erorita edo erortzeko arriskuan zeuden hainbat arbol moztu edo baztertu ziren. San Martinen bestalde, arbol handi bat jausi zen eta San Martindik Olakuara, Aldakiñoko zuhaiztian barrena dagoen oinezkoen bidea itxi egin zuten udaltzainek segurtasunagatik, larunbatean eta igandean. Domekan berriz, Arantzazun, Gandiaga topagune atzealdetik Gomiztegira doan bide irisgarria oztopatzen zuen zuhaitz erori bat kendu beharra izan zen.
Zauriturik ez baina traba eta arazo ugari sortu dituzte haizeak botatako arbol eta adarrek asteburuan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!