Hainbat zerbitzu esleitzeko prozedurak aztergai izango dira Tokiko Gobernu Batzarrean

7 gaiko lan zerrenda osatu da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrerako; horietako bi, Kiroldegiko eta Gaztelekuko zerbitzu ezberdinak lizitaziora ateratzeko proposamenak dira. Gaztelekuko gestioaren zerbitzu kontratua 2023ko abenduan sinatu zuen Udalak Zehar Heziketa eta Programak enpresarekin. Kontratatua urtebeterako sinatu zen, urtez urte, beste hirutan luzatzeko aukerarekin. Baina enpresa lizitatzaileak kontratazio prozesu berri bat egitea eskatu zuen, sektoreko hitzarmen kolektiboak izan duen soldata igoera kontuan hartuta, zerbitzuaren prezioak eguneratu behar direla argudiatuz. Hala, indarrean den kontratua abenduan bete baino lehen lizitazio berri bat egitea proposatu du Udaleko Haur eta Gazteria departamentuak. Horretarako oinarriak arratsaldeko bileran aurkeztuko zaizkie gobernu taldeko kideei.
Era berean, Zubikoa kiroldegian uretako kirol jarduerak, salbamendu, sorospen eta lehen sorospen zerbitzuak emango dituen enpresa kontratatzeko deialdi irekia argitaratuko du Udalak, arratsaldean, gobernu batzordearen onespena jaso ondoren. Zerbitzua, bi urtetarako kontratatu eta beste bi urtez luzatzeko aukera jaso da lizitazio oinarrietan.
Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko 2025eko dirulaguntzen deialdia, Kultur etxeko erakusketa aretoaren isolamendu akustikoa eta Santa Ana aretoa suteetatik babesteko instalazioa egitea ere aztertuko dira gaur arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!