Oñatiko udala

Hainbat udal eraikin eta zerbitzu itxita egongo dira bihar

2024/03/11
Card image cap
Udal langileen asanbladak sektore publikoan deituta dagoen grebarekin bat egitea erabaki du

  Udalak gutxieneko zerbitzuak agindu ditu eta, ondorioz, udaletxeko HAZ zerbitzua zabalik izango da, dokumentuan erregistroa egin eta deiak jasotzeko bakarrik, udaltzaingo zerbitzuaren %100 bermatuta egongo da eta hilobiratze zerbitzua mantenduko da, soilik ezinbesteko denean. Zubikoa kiroldegia, Gizarte Zerbitzuetako bulegoak eta Kultur etxea itxita egongo dira eta Oñati Irratiak ez du irratsaiorik egingo bihar. Aldiz, udalak azpikontratatuta dituen zerbitzuak normaltasunez beteko dira: Herribusa, Gaztelekua eta Ludoteka.

  ELA, LAB, CCOO, ESK eta STEILAS sindikatuek ikasturteko hirugarren greba-eguna deitu dute euskal erkidegoko sektore publikoan: administrazioa, hezkuntza edota osasun arloan. Zerbitzu publikoen kalitatea eta sektorean diharduten langileen lan-baldintzak okertzen ari direla salatzen dute. Enplegu, soldata eta lan baldintzetan estatutik jarritako mugak baztertzea; lan kargak arindu eta osasuna bermatzea; %10eko soldata igoera, aurreko zorra berreskuratzeko; enplegua sortu eta egonkortzea; zerbitzu publikoa indartu eta pribatizazioak baztertzea eta zaintza publikoa eta politika feministak sustatzea eskatzen da, besteak beste. Erakundeetako arduradunek urratsik ez eman izana eta enplegu publikoaren koordinazio guneak orain gutxi egin duen bilerara sindikatuak ez gonbidatu izana salatu da.

  Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian 150.000 langilek dihardute sektore publikoan. Eta bertan % 85eko ordezkaritza duten sindikatuek bi greba egun deitu zituzten, lehena, urriaren 25erako eta bigarrena, abenduaren 19rako. Otsaila erdialdean ikasturteko hirugarren greba eguna deitu zuten, biharko, eta Oñatiko udal langileen asanbladak greba egitea erabaki du, aurreko bietan egin zuen bezala. Era berean, greba egiteagatik soldatatik kenduko zaien dirua Palestinara bidaltzea eskatu dio langileen komiteak alkateari; giza laguntza kontzertuan Mundu bat GKEren bidez edo Gernika-Palestina ekimenak zabaldu duen kontu korrontean sartuta, dirua bideratzea proposatu dute udal langileek.

  Debagoieneko Mankomunitatean ere hala erabaki dute eta, ondorioz, Urrutxuko garbigunea itxita egongo da, bihar. Anbulatorioko langileak eta ikastetxe publikoetakoak ere grebara deituta daude. Osasun etxean ez da bozketa bateraturik egiten, bai ordea, Urgain ikastetxean. Gehiengoak grebaren alde bozkatu du eta Hezkuntza Sailak agindutako gutxieneko zerbitzuak bakarrik beteko dira bihar, bai eskolan eta baita sukaldean ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!