Oñatiko udala

Hainbat oñatiar Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapelketan parte hartzen

2023/03/20
Card image cap
Uxue Igartua eta Legazpiko kanporaketan aritu ziren beste bertsolari gazteak
14 urtez azpikoen bat-bateko taldekako eskualdeko saioan oñatiarrak nagusitu ziren

  Martxoa hastearekin abiatu da Gipuzkoako Eskolarteko txapelketa. Azken urteetan ohiko bihurtu diren idatzizko eta 14 eta 18 urte bitartekoen bat-bateko txapelketei, 14 urte bitartekoen taldekako bat-bateko txapelketa erantsi behar zaio. Garai batean bertsolari ikasle gazteak ere bat-batekoan aritzen ziren, hirunako taldetan. Modalitate hori berreskuratu du Gipuzkoako bertsozale elkarteak eta froga moduan, eskualde mailako saioak egiten hasi dira Gelatik plazara izenburupean.

  LHko 5. eta 6. mailako ikasleak aritzen dira hainbat ariketa osatzen eta ikusleen aurreko lehen bat-bateak kantatzen. Martxoaren 10ean halako saio bat egin zen Gaztelekuan eta Aretxabaleta eta Oñatiko 17 gaztetxo elkartu ziren. Irabazlea Oñatiko Mattin Bikuña Malbadik, Aner Errasti Urratek eta Aiora Fernandez Galdosek osatutako taldea izan zen baina sariak partaide guztientzat egon ziren.

  Ostiral horretan bertan hasi zen 14-18 urte bitartekoen bat-bateko txapelketa, Legazpin, eta bertan beste oñatiar batek kantatu zuen: Uxue Igartuak. Uxuerekin batera Lide Arregi ere arituko da bat-bateko txapelketa honetan, baina martxoaren 31an Amezketan jokatuko den azken kanporaketan parte hartuko du. Guztira 22 gaztek parte hartuko dute aurtengo txapelketan, lau kanporaketatan banatuta. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea eta puntuazioaz sailkatutako beste bi bertsolari apirilaren 21ean Lasturko tabernan izango den finalean arituko dira.

  Idatzizkoari dagokionean, azkenik, Txantxiku ikastolako ikasleak Eskoriatzako Almen gunean egin zen saiora joan ziren, martxoaren 3an. Bertan banatu ziren 7-8 sarietatik 5 Oñatiko ikasleek eskuratu zituzten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!