Hainbat konponketa egiten ari dira Garagaltzatik Zañartura doan bidean

Udal brigadako langileak dira Garagaltzatik Zañartura doan auzo-bidea egokitzen ari direnak. Bide bazterrak, arekak garbitzen aritu dira, urak bideratzeko lanak egin dira, tarte batzuetan, eta ibilgailuak gurutzatzeko zabalgune bat ere eratu da Santipillauko aldapa barrenean. Bidearen goialdean, Urrutxu baserrirako sarbide inguruan zeuden zuloak ere estaltzen aritu dira. Behin behineko txukuntze lanak egin dira, zabortegia zigilatzeko lanen baitan, errepidez behealdeko lurrak zigilatzeko asmoa baitu Udalak eta horien ondoren egoki konponduko baita aipatu bidea.
Usakorako bidezidorraren aldamenean bizikletak uzteko gunea prestatzen hasi ziren, berriz, atzo. Astean amaitzea espero da. Asko dira Usakora bizikletan joaten direnak eta non utzi jakiten ez dutenak. Batzuk, bidezidorrean behera eraman eta belardian uzten dituzte eta beste batzuk errepide bazterrean botata. Txirrinduak egoki uzteko aparkalekua prestatzen ari dira bide bazterrean.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!