Oñatiko udala

Hainbat arrain hilik agertu ziren larunbat arratsaldean errekan, kale Zaharra 62aren atzealdean

2022/09/19
Card image cap
Ur laginak hartu zituzten Ertzaintzak eta basozainak

  Herritar batek eman zuen hildako arrainen abisua 112 larrialdi zerbitzuan, larunbat arratsaldean, 20:00ak aurretxoan. Udaltzainak bertaratu ziren eta kale Zaharra 62 eraikinaren parean arrain dezente hilda zeudela egiaztatu zuten. Era berean, olioa edo erregaia izan zitekeen likido batek eragindako orbana ikusi zuten. Jakinarazpena zabaldu eta Ertzaintzaren inspekzio taldea, Ur-agentziako ordezkariak eta basozainak bertaratu ziren eta analisietarako ur-laginak hartu zituzten. Igande goizean berriz, hildako arrainak erretiratu ziren. Gertatutakoa argituko duten txostenen zain daude udal arduradunak.

  Laginak jaso eta 7-10 egunen buruan txostena bidali ohi dute ertzainek eta basozainek. Txostenean analisien emaitza ez ezik, gertaeren azalpena, edo hipotesia, eta ondorioak zehazten dira.

  Oñati errekan hainbat arrain hiltzea eragin duten beste bi isuri erregistratu dira azken bospasei hilabeteotan: maiatzean Zubillaga parean eta uztaila hasieran parrokia ondoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!