Gurutze Gorria boluntario bila dabil adinekoei laguntzeko programarako
Debagoieneko Gurutze Gorriak gero eta adineko gehiago hauteman ditu bakardadean, bizi-kalitateari eusteko zailtasunekin. Horren arrazoiak anitzak dira, biztanleriaren zahartzea, oztopo ekonomikoak edo gizarte- eta familia-egituretan bizitako eraldaketak eta abar. Egoera ikusita, Gurutze Gorriaren eskualdeko batzarrak adinekoei laguntzeko boluntariotza-proiektua indartzea erabaki du; hilean behin pare bat orduz bisitatu nahi dira programan parte hartzen duten adinekoak.
Bikotean edo bakarrik bizi diren eta Gurutze Gorriaren ahultasun-irizpideak betetzen dituzten adineko pertsonak dira programan parte hartzen dutenak. Egun ia 100 boluntario ari dira horretan baina gehiago behar dira. Horregatik, egitasmo solidario honetan laguntzeko prest dauden herritarrentzat boluntario gisa aritzeko gonbidapena zabaldu da. Gizarte-kezkak dituzten eskualdeko herritar guztiei dei egiten zaie boluntariotza-jarduera honetan parte hartu dezaten. Ez da aurretiko prestakuntza berezirik behar, enpatia eta jarrera ona baino ez. Eskaini beharreko denbora aldakorra dela argitu dute arduradunek, pertsona bakoitzak lagundu dezakeenaren eta lagundu nahi duenaren arabera moldatuko baita.
Azken urteotan, Gurutze Gorriak zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzendutako programa garatu du Debagoienean, osasun-tratamenduak jarraitzen laguntzeko eta bizimodu osasungarriago baterako jarraibideak emateko. Debagoieneko zortzi herrietan gauzatzen da, Gurutze Gorriak, San Prudentzioko egoitzatik koordinatuta. Proiektuan parte hartzeko interesa duten balizko boluntario berriei, Debagoieneko Gurutze Gorriarekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, 943 765 576 telefonora deituz, edo mezua bidaliz, altodeba@cruzroja.es helbide elektronikora.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!